Antton Olaizola ekoizleak, Raul Fernandez Amara Plaza Hoteleko zuzendariak, Jos Ruiz Garapen Ekonomikok zinegotziak eta Euken Sese Sustapeneko ordezkariak aurkeztu dute bidaia. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Lehen eta hirugarren sektoreak harremanetan jartzea da bidaiaren helburua.
Nekazaritza eta hostalaritza lotzea da GuztiONA nekazaritza eta elikagarien klusterraren helburua, eta horretarako, Lyonera (Frantzia) joango da tokiko produktuen sustapen estrategiak ezagutu eta harremanak estutzeko. Bihar eta etzi bidaiatuko dira klusterreko ordezkariak enpresa misioan, eta Frantziako ekoizpen eta promozio teknikak ezagutzea espero dute.
Guztira 130 agentek parte hartzen dute klusterrean, eta sektore guztiak ordezkatzen dituzte. Lehen eta hirugarren sektorea harremanetan jartzeko konpromisoa agertu du Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek: “Akatsa da bi sektore horien artean loturarik ez dagoela pentsatzea. Frantzian ondo dakite biak harremantzen, eta gure ekonomiari mesede egin diezaioke bertan ikasitakoak”.
Teknologia, gastronomia, ekologia eta hostalaritza dira jorratuko dituzten gaiak, Sustapeneko ordezkari Eusken Seseren arabera: “Donostian bezala, gastronomia Lyonen erakargarri nagusietako bat da, eta beraz, asko ikasi dezakegu bertan. Dena den, estrategia eta marketing-a da gehien interesatzen zaiguna”.
Nekazaritza ordezkarien artean Antton Olaizola ekoizlea izango da. Olaizolak sagarrak eta kiwiak ekoizten ditu bere baserrian, eta produktu horiek saltzen eta promozioa egiten ikasteko helburua du Lyonen: “Frantziarrek badakite beren produktuak eta turismoa harremanetan jartzen, hor dago bertako produktuak sustatzeko gakoa. Hori egiten ikastera goaz”. Amara Plaza hoteleko zuzendari Raul Fernandez ere bertan izango da: “Hostalaritzak rol garrantzitsua betetzen du lehengaiak banatu eta sustatzerakoan, eta beraz, oso beharrezkoa da bertakoekin harremanetan jartzen ikastea”.