Hiriaren inguruko zortzi ikerketa lan gehiago argitaratu ditu Kutxak
Donostiari Buruzko Azterketa Historikoen 47. Buletina osatu dute hainbat historialarik.
Ia artxiborik ez duen hiria da Donostia, behin eta berriz erre baitzuten hiria bateko eta besteko soldaduek. Beraz, joandako garaien berri izateko, inguruko herrietako artxiboak ikertu behar izaten dituzte adituek. Halaxe osatu dute hainbat historialarik Donostiari buruzko Azterketa Historikoen 47. Buletina. Kutxa arduratzen da liburu horiek argitaratzeaz urtero, eta gutxienez 50. buletina osatzera iritsi nahi du. Argitalpenaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian, Juan Agirre Sorondo eta Rosa Aierbe historialariek, Kutxako Mikel Mendarterekin batera, Kutxaren Andia kaleko aretoan. Zortzi ikerketa lan berri biltzen ditu 47. liburuak, guztiak ere garai bateko herritarren bizimoduaren zehaztasunak jasotzen dituztenak, eta aurretik argitaratu gabeak. “Hiriaren historiaren berreskurapenean lagundu nahi dugu, ia artxiborik gabeko hiri bat baita, jasandako suteen ondorioz”, azaldu du Kutxako Mikel Mendartek.
Rosa Aierbe historialariak liburuko ataletako bat idatzi du, eta bera arduratu da liburuaren inguruko azalpen guztiak emateaz. Aierberen azterketari dagokionean, esaterako, inguruko mendien inguruan jardun du. Mendiek jabe zuzenik ez dutenez, publikoak direnez, batzuetan gehiegikeriak egiten dira, egilearen hitzetan. Antonio Pradak, berriz, elizak zaintzen zituzten seroren lana aztertu du. Hainbat eskakizun egiten zitzaizkien serorei, alargunak edo ezkongabeak izatea, berrogeita hamar urte baino gehiago izatea, eta dote bat ematea. Carlos Rilovak, berriz, lehen euskal batailoiak nola sortu ziren landu du, eta Napoleon itzultzeko beldurrez egin zituzten mugen zainketak, 1815 inguruan.
Fermin Muñoz ikertzailearen lanak ixten du liburua. Donostian eta inguruetan “San Luisen Ehun Mila Semeen” sarrerak eragindako kalteei buruz. Dokumentu zehatza eta balio handikoa da, suntsituriko jabetzak, eta 1823an hirian etxeak eta baserriak zituzten herritarrak ezagutzeko aukera ematen duena.
Honakoak dira zortzi azterketen egileak eta izenburuak:
- Rosa Aierbe Iribar: Montes Francos del Valle del Urumea.
- Juan Carlos Mora Afan: Los Meandros del poder Mediaciones y meditazitaciones en torno al secretario Domingo de Etxeberri.
- Antonio Prada Santamaria: La serora y feligreses del templo de San Sebastian en el antiguo contra su vicario. La defensa de pago de ofrendas a la sirvienta parroquial.
- Carlos Rilova Jerico: De simple guerrilla a ejercito de las guerras napoleonicas. Historia de los tres batallones guipuzcoanos contada por ellos mismos (1808-1814).
- Carlos Rilova Jerico: Un waterloo para los vascos. La campaña de 1815 en territorio guipuzcoano. (Tolosa, Hernani, San Sebastian, Irun).
- Pedro Berriotxoa Azkarate: Vicente Laffitte Obineta (1859-1944): Una mirada agraria.
- Pedro Barruso Bares: Memoria e historia de la guerra civil.
- Fermin Muñoz Etxabeguren: Daños causados por los ‘hijos de San Luis’ en San Sebastian (1823).