Euskararen Nazioarteko Egunerako programa aurkeztu du Udaleko Euskara arduradun Nerea Txapartegik eta Bagerako ordezkari Aitziber Gurutzeagak, auzoetako ordezkariekin batera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Hiriko hamabost auzoetan 150 ekitaldi antolatu dituzte larunbat honetan hasi eta datorren asteburura arte.
Euskara, etenik ez duen haria leloarekin ospatuko dute abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna. Hamabost auzoetan antolatu dituzte ekitaldiak, eta guztira 150 ekintza egingo dituzte euskararen 70 eragilek. Dena den, larunbat honetan hasiko dute jaialdia, eta asteburu guztian ekitaldiak egongo dira. Ekitaldi horien artean, Ahotsak programarena nabarmendu du udaleko Euskararen arduradun Nerea Txapartegik. Hala, larunbatean 12:00etan San Telmo Museoan bilduko dituzte Ahotsak programan parte hartu duten 148 donostiar eta beren ondorengoak. Hiritar horiek aurretik elkarrizketatu dituzte, ezagutzen zuten euskara aztertu eta beren bizipenekin 3.000 bideo grabatuz. Larunbateko ekitaldian, katalogatutako ondare horren emaitzak aurkeztuko dituzte.
Programak hizkuntza transmisioaren garrantzia azpimarratzen du Txapartegiren esanetan, eta horregatik aukeratu dute aurtengo leloa: “Duela urte batzuk, euskara guri transmititu ziguten donostiarrek, eta guk ere hala egiten jarraitzen dugu. Gaur arte belaunaldiz belaunaldi iritsi zaigu euskara, eta hala izaten jarraitu dezan, euskararen etorkizuna ikasiaz eta erabiliz bermatuko dugula aldarrikatuko dugu”.
San Telmoko ekitaldiarekin batera, 15 auzotan egitarau propioa antolatu dute asteburu honetara eta hurrengora begira, hala nola, Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean. Bagerako ordezkari Aitziber Gurutzeagak azaldu duenez, auzo bakoitzean egitarau osatua antolatu dute, eta euskararen eguna urteko 365 egunak direla aldarrikatu du: “Auzoetara begira jarri gara, bertan euskararekin lotutako altxor handiak daudelako. Transmisioa da aurtengo ardatza, eta horregatik, hitz berriak eta zaharrak biltzen dituzten ekitaldiak antolatu ditugu, izan ere, euskara urteko egun guztietan dago bizirik”.
Mintzodromoak eta sare sozialak
Abenduaren 3an, Belaunaldien Arteko Mintzodromo berezia antolatu dute, 12:00etan, hau ere San Telmo Museoan. Bertan, gazteak, helduak eta adinekoak bilduko dituzte solasaldian, belaunaldi arteko euskara praktikan jartzeko helburuarekin. Mintzodromo horren aurretik, beste bi egingo dituzte egun bereabn, bata San Telmon 10:00etan eta bestea Altzako Larratxo kultur etxean 11:00. Mintzodormoak duela bost urte Donostian sortu zirela gogora ekarri du Txapartegik: “Orain, milaka dira euskara praktikan jartzen dutena jarduera horiei esker. Halako ekimenekin, euskara guztiona dela aldarrikatu nahi dugu, Donostia berriz ere euskararen hiria izan dadin lortzeko”.
Mota askotakoak dira Euskararen Egunerako antolatutako ekitaldiak, besteak beste, gazteak euskarazko antzerkira eta zinera hurbiltzeko ekimenak. Aisialdia euskaraz egiteko bideak aurkeztuko dituzte, esate baterako, Antzoki Zaharrean eskainiko duten Bypass filmarekin eta Zurriola Antzeki Eskolak antolatutako Peter Pan antzezlanarekin.
Ekitaldiekin batera euskararen egunean atxikimendua agertu nahi dutenentzat mezua igortzera deitu du udalak #ereeuskaraz traola erabilita. Auzoetako egitarau guztiak ikusgai daude [ilink url=”http://www.euskaraz.net/euskaraz/hasiera”]webgunean. [/ilink]