Zubietako kartzelaren proiektua urtarrilerako egongo da idatzia
Urtarriletik aurrera lizitatuko dituzte Zubietako espetxea eraikitzeko lanak. Hilabete horretarako amaituko dute proiektua idazten, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Madrilgo Kongresuan gaur esandakoaren arabera. Hala ere, ministroak kartzela berria eraikitzeko datarik ez du jarri, eta Martuteneko kartzelan presorentzako lekua badagoela adierazi du; egun 324 preso daudela esan du, eta 420 presorentzako lekua dagoela. Gaineratu du 2012az geroztik zaharberritze lanak egin dituztela.
Hain zuzen ere, Zubietako espetxea eraikitzeko lanei buruz galdetu dio EAJko diputatu Joseba Agirretxeak Fernandez Diazi Kongresuan. Esan dio “erortzen” ari dela Martuteneko espetxea, zahartuta dagoela eta duela 66 urte eraiki zutela, eta galdetu dio zer dela-eta eusten dion gobernuak espetxe horri, Zubietakoa egin beharrean. Martutenekoa presoz gainezka egotea ere egotzi dio.
Fernandez Diazek Zubietako presondegiaren proiektua berrikusi izana argudiatu du, “zigor gela guztietan plasma telebistak eta igerileku estaliak izatea gehiago dagokiolako bost izarreko hotel bati espetxe bati baino”.
Proiektu berriaren arabera, 70 milioi euroko aurrekontua izango dute espetxea egiteko lanek. Urtarrilerako amaituko dute idazten, eta hortik aurrera hasiko da lizitazio fasea.