Bertso derbiarekin hasiko da Reala eta Athleticen arteko lehia
Antzoki Zaharrean hitzarekin jolastuko dute sei bertsolarik, abenduaren 14an, 12:30ean.
Futbolzale bertsozaleek edo bertsozale futbolzaleek badute euren egutegietan biribiltzeko data berri bat: Abenduaren 14a. Izan ere, egun horretarako antolatu dute IV. Bertso Derbia. Antzoki Zaharrean izango da saioa, 12:30ean, Anoetan bi taldeek jokatuko duten partidaren aurretik (21:00). Honako bertsolariak zelairatuko dira Parte Zaharrean: Reala ordezkatuz, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus; eta Athletic: Jon Maia, Jone Uria eta Igor Elortza. Azken finean, bertso saio bat izango da antzokian eskainiko dutena, derbia gai nagusitzat hartuta. Aitzol Barandiaran bertsolariak aurkeztuko du saioa, lehen aldiz.
Real Sociedad Fundazioak antolatu du saioa, Pasa hitza! lelopean, Athletic Fundazioaren, Donostia Kulturaren eta Usandizaga Institutuaren laguntzarekin. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira aldez aurretik. Realak, Athleticek eta Donostia Kulturak banatuko dituzte gonbidapenak euren bazkideen artean. Donostia Kulturak abenduaren 4tik aurrera egingo du banaketa.
Kirola eta kultura uztartzeko ahalegina egin nahi dute antolatzaileek beste behin ere. Horretarako, zaleek kalean erakusten duten festa giroan murgilduko da goizetik hitzaren jaia. Reala eta Athletic fundazioek gizalegezko futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da Bertso Derbia. Horrez gain, euskararen normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen dute Bertso Derbia: “Gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du”.
Usandizagako Diseinu Grafiko Zikloko Arri Solana ikasleak Bertso Derbi honetarako irudia eta komunikazio euskarriak proposatu ditu: “Baloia darabilte jokalariek; bertsolariek hitza dute instrumentu”.