‘Fans de bocata’ liburua aurkeztu dute Astoria 7 hotelean; 75 errezetekin osatutako argitalpen koloretsua.

Hainbat sukaldarik bat egin dute Astoria 7 hotelean egindako aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ogitartekoa goraipatzeko helburuarekin,
Fans del bocata liburua kaleratu du Felix Garrido sukaldari donostiarrak; “Gastronomia modalitate honen aldeko mugimendu txiki baten hasiera da”, aipatu du Garridok, Astoria 7 hotelean egin duten aurkezpenean. Garrido berak landu eta bultzatu du liburua, baina beste 25 sukaldariren kolaborazioa izan du; eta guztira, 75 errezeta jaso dituzte. Gainera, gutizi guztiei argazkiak ateratzeaz arduratu da Iovo Petrov argazkilaria, irudi koloretsuak osatuz. “Ez da otorduetarako liburu egokia, jateko gogoa jartzen baitu”, gehitu du Garridok.
Libururako euren ogitarteko onenak osatu dituzten sukaldariak Garridoren lagunak dira, eta horietako asko, oso ezagunak: Hilario Arbelaitz (Zuberoa), Xabier Diez (Xarma), Asier Abal, Felix Manso (Gaztelumendi-Antxon), Gorka Arcelus (Agorregi), Iñigo Lavado, Ixak Salaberria (Fagollaga), Jose Aguirrezabal (Cebanc), Juan Mari Humada (Hidalgo 56), Pablo Loureiro (Casa Urola), Ruben Trincado (Mirador de Ulia), Jose Manuel Olano (Carnicería Olano), Iker Martinez (Kuko), Gorka Irure (Route 33 Gourmet), Iñigo Palma (Astoria 7), Txemari Esteban (Botarri), Xabier Ruiz (Casa Nicolas). Gainera, Juan Mari Arzak arduratu da liburuaren hitzaurrea egiteaz.
Ogitarteko bakoitzari sukaldari bakoitzaren jatetxean atera zizkion argazkiak Petrovek, eta guztietan oso ongi jaso zutela nabarmendu du. “Guztiek ere badute erotasun ukitu bat”, aipatu du argazkilariak.
Ogiaren garrantzia, noski, ezinbestez oinarrizkoa izan da libururako. Hala, Ogi Berriren laguntza izan dute, eta egun merkatuan dauden ogi mota desberdinen aniztasuna islatzen saiatu dira.
Liburu dendetan salgai
Liburu denda ezagunenetan eskuratu daiteke jadanik
Fans del bocata liburua, baita
fansdelbocata.com webgunean ere; bertan ikus-entzunezko hainbat material jarri dituzte gainera.