Aldapetako komisaldegian aurkitutako material arriskutsua dela eta, azalpenak eskatu ditu Izagirrek
Gara-ren arabera, urria bukaera arte, komisaldegi inguruko etxebizitzetan oraindik familia batzuk izan ziren. Eta geroztik, barruan aurkitutako material hori guztia utzita egon da komisaldegian. Bi astez gutxienez, barruan sartu eta edonork material hori hartzeko arriskua egon dela agerian utzi du hedabideak.
Balak, lehergailuak, kargagailuak eta hainbat uniforme. Espainiako Poliziak Aldapetako komisaldegian utzi dituen gauzen artean aurkitu dituzte. Hala jakinarazi du Gara hedabideak, eta Juan Karlos Izagirre alkateak azalpenak eskatu dizkio Espainiak Gipuzkoan duen Ordezkariordeari: “Jakin nahi dugu argitaratutako hainbat informaziok esandakoa egia den. Oso kezkatuta gaude inguruko bizilagunen segurtasunarekin, eta edozein arrisku sor lezakeen egoerarik balego, arrisku horiek lehenbailehen ekiditeko neurriak hartzeko eskatzen diot”.
Otsailean utzi zuten Aldapetako komisaldegia, baina ekaina arte ez zuten erabat desalojatu.