Antxon Agirre Sorondo. (Argazkia: Eusko Ikaskuntza)
Manuel Lekuona Sariarekin aitortuko dute donostiarrak egin zuen lana.
Etnografoa, gai historikoen ikerlaria, ondarearen defendatzailea eta bidaiari amorratua zen Antxon Aguirre Sorondo (Donostia 1946-2014). Bere bizitza osoan behaketa, ikerketa eta dibulgazioan aritu zen. Urtarrilean hil zenean berrogeita hamar liburu – hauetako batzuk urtetako ikerketaren ondorio – eta ehunka ikerketa monografiko utzi zituen. Errotagintza eta industria aurreko hidraulika, albaitaritza, egurrezko ontzi arkitektura, artisautza eta lanbide tradizionalak, kanpaiak eta bere esanahi eta adierazleak, festa, erlijio herrikoia eta ermitak, Euskal Herriko hileta kultura, gipuzkoar komunitate lokaletako etnohistoria eta beste hainbat alorretan ekarpen garrantzitsuak egin zituen.
Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zen, Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsutzat hartzen den obra osoa (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko xedez. Aurten, lehenengoz, herritarren botoekin eta sei kultur eta zientzia erakundek osatutako Epaimahai Instituzionalaren bidez hartu da erabakia. Boto horien gehiengoak Antxon Aguirre Sorondoren hautagaitza babestu du. Botoek azken emaitzaren %50 balio zuten, beraz, erabakiaren beste erdia Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Euskaltzaindia, Aranzadi Zientzia Elkartea, Labayru Institutua eta Euskarabideak osatutako Epaimahai Instituzionalaren esku egon da.
Jorge Oteiza, Jose Miguel de Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaria, Jose Ignacio Tellechea Idigoras, Jose Mª Jimeno Jurio, Eugene Goyheneche, Micaela Portilla, Elias Amezaga, Menchu Gal edo Manuel Lekuonak bera saritu dute Eusko Ikaskuntzaren sari honekin. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura da eta oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean egingo den ekitaldi publiko batean emango da.