Kalapie Txirrindularien Elkarteak 25 urte bete ditu
Bere ibilbidea jasotzen duen liburu bat eta bideo bat aurkeztuko dituzte gaur 19:30ean Doctor Camino liburutegian.
1989ko azaroan sortu zen, eta geroztik borrokan ari dira mugikortasun kultura berri bat lortzeko. Lehen urteak gogorrak izan ziren, hirian ez baitzegoen bidegorririk, ezta bizikleta erabiltzeko inolako ohiturarik. Pixkanaka, udalaren Mugikortasun atalaren aholkularitza batzordean parte hartzea lortu zuten, eta euren proposamenak abiada hartzen hasi ziren. Ibilbide hori guztia jasotzen du Kalapie, 25 urte pedalei eragiten hiria aldatzeko liburuak. Alfonso Sanzek idatzi du, eta bertan azaldu ditu Kalapieren esperientziak, hiriaren garapena eta baita bidegorri sarearena ere. Sanzek Espainiako hainbat bidegorriren plangintzan parte hartu izan du, eta mugikortasunean aditua da. Berak aurkeztuko du Kalapie Elkartearen dokuentaziarekin osatutako argitalpena gaur, Doctor Camino liburutegian egingo duten aurkezpenean.
25. urtemuga ospatzeko ekitaldi honetan Donostiako argazki zaharrak erakutsiko dituzte. Santiago Peñalvak hiria nola aldatu den azalduko du argazki sorta baten bidez. Peñalva 2000. urteko Donostiako Plan Orokorreko lan taldean izan zen. Ikus-entzunezko bat ere estreinatuko dute gaur. Kalapieko kideen testigantzak jaso dituzte bertan, baita mugikortasunarekin lotutako adituenak ere.