Hainbat auzotarrek babesa adierazi diote mugikortasun proiektu berriari. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Udalak, Kalapie Elkarteak eta auzotarrek osatutako lan talde batek mugikortasun proiektu bat egin dute elkarlanean.
Auzotarrek eta hainbat eragilek babesa eman diote agerraldi publiko batean.
Albiste onak iritsi dira Egiara. Azkenean bidegorria egingo dute, eta oinezkoentzat auzo erosoago batean bilakatuko da. Auzotar askok parte hartu dute proiektu honetan, eta hurrengo urtean errealitate bihurtuko den egitasmo honi babesa eman diote gaur agerraldi publiko batean.
Hiru urteko ahaleginaren ondorioa izan da proiektu berri hau. Udaleko Mugikortasun Sailarekin, Kalapie Txirrindularien Elkartearekin, Egia Bizirik Auzo Elkartearekin eta beste hainbat pertsonen elkarlanari esker osatu dute. Berdaitz Gurutzeaga Egia Bizirik Auzo Elkarteko kideak azaldu du auzotik egindako proiektu bat dela, eta auzotarren babesarekin osatu dela. Babesa erakutsi zutenen artean baziren aurpegi ezagunak: Fito Rodriguez idazlea, Asier Hernandez aktorea, Javier Sun musikaria, Inge Mitxelena Realeko hockey taldeko jokalari ohia eta Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria.
Gaur goizean informazioa banatu dute auzoan, auzotar guztiek 2015ean auzoan egingo diren aldaketak ezagutu ditzaten. Bidegorria, egun, Mandasko Dukearen pasealekuan amaitzen da, eta ez da auzoaren barrualdean sartzen. Hurrengo urterako bai. Tabakaleratik Egia kalean gora egingo du, Loiolako zubiraino. Egia kaletik, Tejeria kaletik pasata, Plaza Haundira joan ahal izango dira txirrindulariak. Beste kale batzuetan, txirrindularien segurtasuna bermatuko dute zenbait kale 30 gune bihurtuz. Karmengo Ama eta Ametzagaina kaleak, besteak beste.
Oinezkoentzako hobekuntzei dagokienez, espaloi zabalagoa egingo dute Egia kaleko ezker aldean (gorantz joanez gero). Gainera, Tabakalera eta Egiako parkearen aurreko bidegurutzea moldatu egingo dute, eta oinezkoen bidea erraztuko dute.
[Gallery=205]