Paul Bilbao: "Langile elebakarren kontratazio iturria itxi behar da Osakidetzan"
Asteazkenean izango da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta data esanguratsu horren harira hainbat jarduera antolatzen ari dira egunotan; Donostia Ospitalean gaur egindako hitzaldia, tartean.
Euskara Osakidetzan zein egoeratan dagoen aztertu dute mahai inguruan, lehen mailako hizlarien bitartez. Hauek izan dira gonbidatuak: Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari Jose Mari Armentia, Donostia Ospitaleko mediku-zuzendari eta ospitaleko euskara planaren Garapen Batzordeko kide Idoia Gurrutxaga, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakari eta larrialdietako mediku Karlos Ibarguren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua, Donostiako Udaleko Euskara arduradun Nerea Txapartegi eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao. Donostia Ospitaleko mediku Felix Zubiak aurkeztu du hitzaldia, Arantzazu eraikineko lehen solairuko ekitaldi aretoan.
Osasungintzan aurrerapausoak eman direla aitortu dute guztiek, baita oraindik lan asko egiteko dagoela berretsi ere. Eztabaida euskalduntze prozesuaren erritmoari buruz hitz egiteko orduan sortu da, Armentiak pausoz pausoz egin beharreko prozesu bat dela esan duen bitartean, Bilbaok erabaki «eraginkorrak» hartzeko ordua badela nabarmendu baitu. «Langile elebakarren kontratazio iturria itxi behar da Osakidetzan. Nahiz eta erabakia bi edo hiru urte barru aplikatu, epe bat finkatzeko garaia da», adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Honen harira, epeak jartzea ezinbestekoa dela defendatu du Etxeburuak, eta aldundiak administrazioa euskalduntzeko hartutako neurriak jarri ditu adibidetzat. «2015. urterako zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzeko helburua jarri genuen, eta horrek eman dio abiadura prozesuari. Helburua lortzeko tartea luzatzen bada, prozesuaren erritmoa mantsotu ohi da», azaldu du.
Aldundiko Euskara zuzendariak aitortu du aurrerapausoak eman direla Osasungintzan, eta berak bizitakoa ekarri du gogora: «Altzarra izanik, Altzako osasun etxera joaten nintzenean, euskara ez zen inondik inora ageri osasun etxea etxabe batean zegoen garaian. Bizitza osoa eman dut euskararen alde borrokan, eta ziur Altzako osasun etxean oraindik nirekin gogoratzen direla, euskaraz artatzeko behin eta berriz egindako eskaerengatik. Orain euskaraz artatzen dute, telefonoz eta bertatik bertara, eta medikua euskalduna dut».
Hala ere, egungo agintarien borondatea aitortu arren, Osakidetzakoa Administrazioko beste erakundeetako prozesuak baino mantsoago doala azpimarratu du. Hortaz, prozesua azkartuko luketen neurrien alde egin du. «Bitxia da, baina, aurreko legegintzaldian, Eusko Jaurlaritzako arduradunek zioten Osakidetzaren euskalduntzea bizkorregi zihoala. Halako mezuek ez diote batere onik egiten prozesuari», erantsi du.
Bilbaok botilaren adibidea erabili du eztabaidarekin jarraitzeko. «Batzuentzat botila erdi betea dago, eta beste batzuentzat erdi hutsik. Kontua da botila bete behar dugula, eta horretarako zenbat denbora behar dugun eta nola egingo dugun da gakoa», laburtu du Kontseiluko idazkari nagusiak.
Osasungintza atzean geratu dela esan du, dekretuak berandu etorri direlako. «Hizkuntza Behatokian lan egin nuen bederatzi urtez, eta ikusi nituenak ezin dira onartu: haurrekin edo aiton-amonekin itzultzaile lanak egin behar izatea senideek, erantzun txarrak jaso behar izatea euskaraz artatua izateko eskatzeagatik… Osasun asistentzia duina aldarrikatzen ari gara, oinarrizko eskubide bat. Osakidetzan berandu hasi ziren hizkuntza eskakizuna eskatzen kontratazioak egiteko; neurri eraginkorrak behar ditugu horregatik», esplikatu du.
Armentiak, bere aldetik, prozesua «progresiboki» egin behar dela defendatu du, langile heldu askok euskaraz ez dakitelako. Egoera hobetzeko lanean ari direla berretsi du, baina errealitateak ez duela azkarrago joateko aukerarik ematen esan du. Hori bai, onartu du gauzak ez daudela egon behar duten moduan: «Onartu behar da Osakidetza beste erakundeen atzetik doala; hor dugu erronka».



