'Aio kurrilo!' disko dantzagarria kaleratu du La Jodederak
Groseko Jon Kasaresek eta Andoaingo Jomes Bapek osatzen dute taldea, Kubako Mandy Cienfuegos eta Oscar La Habanarekin batera.
Euskarazko karibetar taldea edo Karibeko euskal taldea da La Jodedera. Lau musikarik osatzen dute taldea, horietako bi euskaldunak eta beste bi kubatarrak: Groseko Jon Kasares Txorromorro (gitarra, ahotsa eta xotixa), Andoaingo Jomes Bap (baxuak eta koroak), eta Kubako Mandy Cienfuegos (perkusioa eta ahotsa) eta Oscar La habana (Tres kubatarra eta koroak). Bigarren diskoa kaleratu dute Gaztelupeko Hotsak disketxearekin, Aio Kurrilo!. Bereziki, Kubako doinu herrikoiak hartu eta euren erara moldatzen dituzte, gehienetan Txorromorrok egindako hitzekin. Edonola, musika dantzagarria da taldearen muina eta kontzertuetara hurbiltzen diren guztiak dantzan jartzea lortzen dutela ziurtatu dute. “Helburua beti jendeak ongi pasatzea da, eta ez daitezela guri begira egon”, aipatu du Jomesek.
Honako abestiek osatzen dute disko berria: Prestatu dantzara, Mikelen kantua, Bihotz isila, A la vida yo le pido, Labaderora, No preguntes, Dedico…dediko, Ipurtargi, Ondartzara, Jota, Aio Kurrilo!, Ez dago beste bat. Lau musikariez gain, gainera, kolaborazioak izan dituzte hainbat abestitan, Mirari Irurzun biolinarekin, Javi Perez tronpetarekin eta Norge Paz.
Txorromorrok aipatu duenez, iaz 65 kontzertu eman zituzten, eta aurten ere antzeko kopuruan aritu dira. Gainera, hiru urtez jarraian jo dute bai Egiako bai Martuteneko jaietan, eta oso harrera ona izan dute. “Abesti bakoitzaren ostean txaloak izaten ditugu, horrela izan da Sarriegi plazan jotzen hasi ginenetik. Horrela ohitu gara jada eta oso polita da”, aipatu du Groseko musikariak.
Zehazki, Txorromorrok eta Mandyk eman zituzten taldea sortzeko lehen pausoak. Leitzan ezagutu ziren, taberna batean, eta elkarrekin afaltzen bukatu zuten. “Ogitarteko bat eskatzera joan zen eta azkenean nire etxean afari-merienda egiten bukatu genuen. Gitarra atera nuen… eta abesten hasi ginen”, azaldu du Txorromorrok. Hala, elkarrekin hasi ziren eta beste biak gehitu zitzaizkien.