Eremu elektromagnetikoei buruzko txosten teknikoak aurkeztu ditu Ingurumen zinegotzi Axier Jakak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Europako gomendioetara egokitu nahi dituzte mikrowatt igorpenak.
Eremu elektromagnetikoei buruzko txosten teknikoak eta zientifikoak aurkeztu ditu udalak, antenen ordenantza berritzeko helburuarekin. Horrrela, Europako gomendioetara egokitzeko helburua azaldu du Ingurumen zinegotzi Axier Jakak, eta osasun publikoaren arloan prebentzio irizpideak errespetatzeko asmoa agertu du.
2002 urtea onartu zuten gaur indarrean dagoen ordenantza, eta lege horrek 450 mikrowatt-en igorpenak onartzen ditu zentimetro koadroko. Donostian igorpenak ikertu dituzte, eta lege horrek zehaztutako kopurutik urrun egon arren, Europako gomendioetara iritsi nahi du udalak, zentimetro koadroko 0,1 gehienez, alegia.
Ekainean egin zituzten neurketak, eta Europako Kontseiluaren gomendioetan ezarritako maila nabarmen gainditu zuen hiriak. Guztira 111 neurketa egin zituzten hiriko 42 gunetan, 9:15etik 20:15era. Emaitzen arabera, guneen %38,7 Europako gomendioen muga azpitik daude, guneen % 29,7 apur bat pasatzen dute muga; eta gainontzeko %31,5 maila gainditzen dute. Batez besteko baloreei dagokienez, 0,01 eta 2 mikrowatt baino gehiagoko potentzia dentsitateak jaso dituzte.
Ikerketa txostena hiru kidek osatu dute, Pedro Costa telekomunikazioen ingeniari teknikoak, Jose Luis BArdasano mediku eta biologian doktoreak eta Maria Jesus Azanza biologia eta magnetobiologiako katedrunak. Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziaren esanetan, talde politiko guztiek adostu dute ordenantza berritzea, eta duela urtebete hiriaren mapa irrati-elektrikoa aurkeztu zutela gogora ekarri du. Urtarrilean ordenantza berriaren proposamena Tokiko Gobernu Batzordean onartzea espero dute.