Arte Ederren eraikina Donostia eta Gipuzkoarentzat “garrantzitsua” dela adierazi du PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
50.000 euroko diru sarrera aurkeztu du PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok, eta aldundiari ere eraikinaren etorkizunean parte hartzeko eskatu dio.
Arte Ederren eraikinarekin “zerbait” egin behar dela gogoratu du berriz ere Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziak, eta lehen inbertsioetan laguntzeko bere alderdiak 50.000euroko diru sarrera aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzan. Horrekin batera, PSE-EEk hainbat zuzenketa aurkeztu ditu Jaurlaritzan, eta Gipuzkoako Foru Aldundian, bien parte hartzea eskatuz.
Gascoren esanetan, Arte Ederrak udalaren, aldundiaren eta Jaurlaritzen ardura da, eta hiruek parte hartu beharko lukete eraikinaren berrikuntzan. Sade enpresak ditu eraikinaren eskubideak, eta 50.000 euroak eraikina bereganatzeko erabiltzeko proposatu du zinegotziak: “Aldundiak eman zion eraikinari Ondare Kultural kategoria, eta Donostiako eraikin historiko eta babestua izanik, logikoa da birmoldatzen laguntzea”.
PSE-EEko zinegotziaren arabera, Saderekin negoziatu eta truke baten bidez lortu daitezke eraikinaren eskubideak: “Arte Ederrak eraikin publiko bilakatu eta Gipuzkoako abesbatzen egoitza bilakatzea proposatzen dugu. Donostiako Orfeoiarekin eta Easoko abesbatzarekin hitz egin dugu, eta ados daude eraikina egokia dela halako ekimen kulturalak biltzeko”. Gascoren esanetan, eraikinak ezin du hutsik jarraitu 2016 urtera begira.