Udala ostiralean bilduko da alderdiekin, proiektuaren zehaztasunak azaltzeko. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Amarako hiribiderako irtenbidea proposatzea ontzat eman dute PSE-EEk, EAJk eta PPk.
Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aurkeztu zuen Karlos I.aren hiribidea berritzeko proiektua. Proposamenean ez da zubia botatzea planteatzen, eta horren ordez, hiribidearen 28 zenbakitik aurrera, errepidearen aldapa handitu nahi dute, kalearen maila berean geldituz. Horrekin batera, irteerarako errail bakarra utziko lukete, eta sarrerarako bi. Aldundiak azaldu zuenez, behin betiko konponbidea ez den arren auzoari mesede egingo lioke aldaketak.
Udaleko oposizioko alderdiak ados agertu dira proposatutako aldaketekin, baina Karlos I.aren arazorako behin betiko konponbidea ez dela berretsi dute. Hala, PSE-EEk, EAJk eta PPk Aldundiari eskatu diote ez ahazteko auzotarren hasierako eskakizuna, sarreraren erabateko desagerpena, alegia.
Proposamenaren albistearen berri prentsaren bidez izan dutela adierazi du PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok, eta duela bost urte hiribideari konponbidea emateko proiektua azaldu zela gogora ekarri du: “Karlos I.aren egoera konpontzeko proposamenak ondo egongo dira beti, baina aurkeztu duten proiektua ez da inolaz ere ez konponbide osoa, erdizkakoa baizik. Ez gara horrekin konformatuko”.
PPko zinegotzi Ramon Gomezen esanetan, proposamena hiribidearen birmoldatzerako lehen pausoa da: “Oraindik ez dugu proiektua bere osotasunean ezagutzen, eta konponbidearen lehen urratsa izan daitekeen arren, ez dugu ahaztu behar hori ezin dela izan behin betiko proiektua. Azken finean, 13-28 zenbakietatik aurrera, sarrera bertan izaten jarraituko dute bizilagunek”.
Proposamena ondo hartu du EAJko zinegotzi Eneko Goiak, baina konponbidea “inprobisatua” da bere ustetan: “Ostiralean ezagutuko ditugu proposamenaren zehaztasun guztiak, baina konponbidea orain 2014an aurkezteak interes elektoralista dauka. Izan ere, 2011an bazen proiektu bat Karlos I.aren hiribideari behin betiko konponbidea emateko, eta orduan Larraitz Ugarte diputatuak atzera bota zuen aurrekonturik ez zegoela adieraziz. Beraz, hobekuntza guztien alde bagaude ere, hau ez dela konponbiderako proiektua berresten dugu. Ez dugu ahaztu behar, gainera, duela aste batzuk udalak Karlos I.aren zati bat erosi ziola Gipuzkoako Foru Aldundiari ezerren truke, eta oraindik ez dute azaldu nola gestionatuko duten hori”.