Txomin Enearen berrikuntza proiektuan kartzela berregitea beharrezkoa da EAJko zinegotzi Eneko Goiaren arabera. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Txomin Enea urbanizatzean Martuteneko kartzelak uholdeak jasateko arrisku handiagoa izango du EAJko zinegotzi Eneko Goiaren esanetan.
Espainiako Gobernuak Zubietako espetxea eraikitzeko prozesua atzeratu duela salatu du EAJk, eta hilaren 18ko osoko bilkuran mozioa aurkeztuko du atzerapen hori zuzentzeko eskatuz. Zubietako kartzelaren proiektua atzeratzen bada, Txomin Enea urbanizatzeko proiektua oztopatu eta Martuteneko kartzela uholde arrisku handiagoan izango dela salatu du EAJko zinegotzi Eneko Goiak.
Gutxienez 2017 urtera arte atzeratu dute Zubietako kartzela egiteko lehiaketaren deialdia, baina lanak datorren urtean hasteko beharra azpimarratu du Goiak: “Udalak apostu irmoa egin du Txomin Enea auzoa berritu eta urbanizatzeko, baina horretarako beharrezkoa da Martuteneko espetxea garaiz hustea, izan ere, auzo guztia mailaz igotzean, gartzela zokoratuta geldituko da, uholde handiagoak jasateko arriskuarekin”. Espetxearen egoera prekarioa dela salatu du Goiak: “Kezkatuta gaude gertatu daitekeenarekin, Espainiako espetxerik zaharkituenetako bat baita Martutenekoa, eta presoen baldintzak onartezinak dira”.
Osoko bilkuran mozioa aurkezteko udaleko gainontzeko taldeen babesa jasotzea espero du zinegotziak.