Gabonetako argiak piztu dituzte Pirritx eta Porrotxek
Pirritx eta Porrotx Parte Zaharrean izan dira gaur arratsaldean. Emanaldi txiki bat eskaini dute pailazoek konstituzio plazako liburutegiko arkupetan, haurrez inguratuta. Ondoren, kalejiran joan dira San Jeronimo kalera, bertatik gabonetako argiak pizteko. Hala, gabonetako giroa zabaldu dute jada hirian barrena.
Marimotots ere agertzekoa zen, baina azkenean ez da bertan izan, agian, gabonetako urduritasunek nahastuta. Pailazoek ikuskizuna egiteagatik kobratu behar zuten dirua Ziburuko Kaxkarotenia Ikastolari eta Gipuzkoako Elikagai Bankuari emango diote.
Kordobako Ximenez enpresak muntatu ditu hirian jarritako gabonetako argiak. LED teknologiako argiztapena erabili dute, eta horrek energia aurreztea eta atmosferara %80 CO2 gutxiago igortzea ahalbidetuko du. Guztira, 196 arku, 95 farola, lurreko 31 figura, 60 zuhaitz, 2 fatxada, sabaiko argiztapen bat eta 10 figura horizontal dira, Gros eta Parte Zaharreko merkatarien ekimenez jarri direnez gain.