
Bertso Derbiaren aurkezpena egin dute gaur Viktoria Eugenia Klub aretoan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Antzoki Zaharrean egingo duten emanaldirako sarrerak agortu egin dira jada. Donostia Kulturak gonbidapen batzuk zozkatuko ditu.
Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariek Reala ordezkatuko dute.
Anoetan Realak eta Atheticek abenduaren 14an jokatuko duten derbiaren aurretik, bi taldeen arteko bertso derbia izango da Antzoki Zaharrean, 12:30ean. Estadioan elkarri baloia pasaz eta lehian izango dira jokalariak, Antzoki Zaharreko agertokian, ordea, hitza pasaz eta kantuan arituko dira sei bertsolari. Realaren taldean, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ariko dira jolasean. Athletic-en izenean, Jon Maia, Jone Uria eta Igor Elortza ariko dira. Gai jartzaile lanetan ariko da Aitzol Barandiaran.
Real Sociedad Fundazioak antolatu du saio hau eta Athletic Club Fundazioaren, Usandizaga Institutuaren eta Donostia Kulturaren laguntza izan du. Usandizagako Diseinu Grafiko Zikloko Arri Solana ikaslea donostiarrak Bertso Derbi honetarako irudia eta komunikazio euskarriak proposatu ditu. Futbolaren eta bertsolarien ezinbesteko tresnak elkartuz osatu du leloa eta irudia; alegia, baloia eta hitza elkartuz.
Bertso saiorako sarrerak agortu egin dira, baina aurki sarrera gehiago lortzeko aukera izango da.
Donostia Kulturak gonbidapenak zozkatuko ditu bere bazkideen artean, gaurtik aurrera.
Bertsozaleek lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Twitter bidez kopla onenak idazten dituztenak sarituko ditu Realak, baloi berezi batzuekin. Laster emango dute informazio gehiago.