Ukrainako miseriatik ateratzeko harrera familia berrien bila dabil Chernobil elkartea
Datorren urteko udan egoera larrian dauden 35 haur ekarri nahi ditu elkarteak.
Ukrainan egoera larrian bizi dira ume asko; alde batetik, Chernobil inguruan bizi direnek osasuna arriskuan dute, eta horri gehitu behar zaio aurten lurraldean jasan duten gatazka eta gerratea. Bertan izan dira Chernobil elkarteko boluntarioak, eta ehun haurren egoera aztertu dute banan-banan. Gehienak baldintza prekarioetan bizi badira ere, elkarteak azpimarratu du 35 haur egoera larrian daudela, eta horiek udan Euskal Herrira ekartzeko kanpaina jarri du martxan.
Elkarteak 20 urte daramatza Chernobileko familiekin lanean, eta urtero 233 haur inguru ekartzen dituzte, uda Euskal Herriko familiekin igaro dezaten; horietatik ehun inguru Donostian igarotzen dute uda. Orain, 35 ume horientzat familia berrien bila dabiltza. Krisi egoerak zailtasunak sortzen dituen arren, euskal gizartea solidarioa izan ohi dela adierazi du Olatz Linacisoro elkarteko ordezkariak: “Ez da erraza ume hauentzat familiak aurkitzea, baina ume horiek hona etorri beharra daukate bai hala bai. Osasunaren Mundu Erakundeak dio eremu kutsatu horietan bizi diren haurrek gutxienez bi hilabete atera behar dutela bertatik, eta aukera hori eskaini nahi diegu”. Haurrak ekaina amaieran etorri ohi dira, eta abuztu amaiera harte, harrera familiekin eta elkarteko boluntarioekin igarotzen dute uda. “Izugarri onuragarria da beraientzat ona etortzea, ondo jan, sistema inmunologikoa indartu eta energiak hartzen dituztelako. Kontutan izan behar dugu bertan negua oso gogorra dela, eta tarte horretan asko gaixotzen direla haurrak”.
Krisiak eragindako larritasuna
Aurten nabarmen gogortu da egoera Ukrainan, eta ezegonkortasun politikoak eragin zuzena izan du familia behartsuenetan. Chernobil elkarteko Nerea Albisu bertan izan da familiak ezagutzen, eta elikagaiak eta erregaiak lortzea inoiz baino zailagoa dutela adierazi du: “Zoritxarrez, aurten harrera familia berriak behar ditugu, erradiazioak sortutako osasun arazoei batu baitzaio gerratearren ondorioak. Nazio Batuen arabera, lau mila hildako baino gehiago eragin ditu gatazkak, eta milioi erdi lagunek bere etxetik ihes egin dute”.
6 eta 17 urte bitarteko haurrak dira hona etortzen direnak, bertako legeak hala ezarrita. Linacisorok gogorarazi du etortzen diren haurrak ez daudela gaixo, soilik ahulduta gosearen eta pobreziaren eraginez: “Harrera familiak ez daude bakarrik. Elkarteko boluntarioek eta familia beteranoek laguntza ematen dugu lehen unetik, komunikatzeko, aholkuak emateko eta edozertan laguntzeko. Horregatik aukeratu dugu Zurekin, osasuna helburu leloa, osasuna baita, azken finean, ekimen honen helburu nagusia”.
Interesa izan dezaketen familiei informazioa emango die elkarteak [ilink url=”http://asociacionchernobilelkartea.blogspot.com”]webgunean[/ilink] , emailez (chernobil@asociacionchernobil.info) eta telefonoz (670.419.078).



