Aldundia bihar hasiko da Karlos I.aren hiribideko proiektua idazten, udalaren laguntzarekin
Karlos I.aren hiribiderako aurreikusitako proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Azpiegituren diputatu Larraitz Ugartek hartu du hitza lehenik, bizilagunen aurrean “aurpegia ematera” joan direla esateko eta proiektuak, zubibidearen desagertzea ekarriko ez badu ere, auzotarren bizi kalitatea nabarmen hobetuko duela azpimarratzeko. “Badakigu ez dugula zubibidea kentzen, arazoaren azken irtenbidearekin ez gatozela, baina bizilagunen bizi kalitatea hobetuko da erabat. Egunez egun nabarituko duzue”, esan du.
Foru aurrekontuak luzapena izango du, ez baitute adostasunik lortu alderdiekin, baina, hala ere, proiektua Batzar Nagusietara eramango dutela azpimarratu du bertan adostua izan dadin. Lanak urtarrilean lizitatuko lituzkete, irailean hiribide berritua erabilgarri egon dadin. “Argazki bat dugu orain, baina uda bukaeran errealitatea izango da”, adierazi du Ugartek.
Aldundiko Errepideen arduradun Joseba Altube eta proiektuaren egile Jesus Maguregi izan dira bilera irekian, Ugarterekin batera. Egitasmoaren berezitasunak azaldu dituzte. Hori bai, obren bitartez zarata arindu arren, zarata egon, egongo dela aurreratu dute. “Kale normal bat izango da, Donostiak dituen beste batzuk bezala. Normalizatu nahi dugu egoera, baina ez da miraririk egongo”, ohartarazi du Maguregik. “Bihar hasiko gara proiektua idazten udalarekin”, jakinarazi du Altubek.
Aretoa bete egin da, gaia interes handikoa baita Amara Berriko bizilagunentzat. Auzotarrek 25 urte daramatzate Karlos I.aren hiribiderako irtenbide bat aldarrikatzen; horrenbestez, bildutakoek euren iritzia emateko aukera ez dute galdu. “Urteak eman ditugu borrokatzen, eta ez hobekuntza huts bat lortzeko. Horregatik, borrokatzen jarraituko dugu. Dena den, hobekuntza bati ez diogu muzin egingo”, adierazi du bizilagunen ordezkari batek.
Egitasmoa behin betiko irtenbidea izango ote den beldur azaldu dira amaratarrak, eta Ugartek esan du alderdien artean badagoela sentsibilitatea konponbidea lortzeko, baina teknikoki arazoak ematen duen gai bat dela adierazi du, eta horregatik ez du promesarik egin nahi izan. “Hemendik ate handitik joan naiteke, promesak egiten, baina hori ez dut egingo”, garbi utzi du diputatuak, eta ez duela “kea salduko” esan du. “Irtenbide tekniko bat da hau”, berretsi du.
Bizilagun batek, hala ere, gogoratu du 25 urte pasa direla eta lehen aldia dela aldundiko gobernu bat bizilagunengana proposamen batekin joan dela.
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak amaratarrekin bildu dira astearte arratsaldean, Anoetako kiroletxean,