Jon Zabaleta irudigileak jasoko du Dabilen Elea saria
Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren barruan Zabaletaren ibilbidea aitortuko dute, abenduaren 18an, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan.
Aiete kultur etxean Zabaletaren lanari buruzko erakusketa bat egongo da ikusgai, abenduaren 17tik aurrera eta martxoaren 22ra bitarte.
[box]
EKITALDIA
Kulturak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarriz, euskal liburugintzaren sektorea gizarteratzea eta sektore horretan parte hartzen dutenen topaleku izatea dituzte xede gisa Euskal Liburuaren Gaua antolatzen duten bost elkartek: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea (Galtzagorri). Aurtengo ekitaldia zazpigarrena izango da, eta Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du, hainbat lankide eta artistaren laguntzarekin. Ospakizunaren protagonista nagusia Jon Zabaleta Ibarburu irudigilea izango da, berak jasoko baitu Dabilen Elea saria. Abenduaren 18an egingo dute, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan.
Honen guztiaren berri eman dute udal gobernuko Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegik, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek eta Euskal Editoreen Elkarteko presidente Jexuxmari Mujikak. Azken honek ekitaldiak bi zati izango dituela azaldu du. “Alde batetik, euskal kulturan lan egiten ari direnentzako topaleku gozo bat izango da; gure ilusioak partekatzeko bilduko gara”. Ondoren, Jon Zabaleta hernaniarraren lana eta ibilbidea omentzeko, Dabilen Elea saria emango diote. 2008an Antton Olariagak jaso zuen saria eta aurten bera izango da Zabaletari berari bereziki egindako oroigarria emango diona.
Irudigilearen erakusketa, Aieten
Jon Zabaleta Larburu Hernanin jaio zen, 1950ean. Delineante ikasketak egin ondoren, arte grafikoetan ibili zen urte batzuetan, Debako Arte Eskola Esperimentalean bere prestakuntza osatu aurretik. Ehun liburutik gora irudiz hornitu ditu, eta tira grafikoak, komikiak zein bestelako marrazkiak sortu ditu. Horietako asko egunkari eta aldizkarietan argitaratu direnak. “Euskal kulturaren irudian eragin handia izan du, gure bizitzari ekarpena egin dio”, adierazi du Joxean Muñozek.
Bestalde, Nerea Txapartegik azaldu duenez, hernaniarrak haurtzaroko urte batzuk Aieteko baserri batean igaro zituen. Horren harira,
- Zer. Euskal Liburuaren Gaua.
- Noiz. Abenduak 18, osteguna, 19:30ean.
- Non. Viktoria Eugeniako Klub Aretoan.
- Sarrera. Irekia eta doakoa (gonbidapenak egunean bertan jaso daitezke, 17:00etatik aurrera, Viktoria Eugeniako leihatilan).