Mikel Laboaren omenezko lau obra interpretatuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak
Musikari donostiarraren aldeko katedrak bultzatu du ekimena. Orkestrak ostiralean eskainiko du kontzertu berezia Miramongo egoitzan, eta sarrera irekia izango da.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak euskal sortzaileen lana zabaldu nahi du, horretarako plataforma izatea baita bere xedeetako bat. Oraingoan, Musikagileak elkartearekin bat eginda, Laboari Oihartzun: Soinu distirak proiektuan parte hartuko du orkestrak, abeslari donostiarraren inguruko lau lan interpretatuz. Mikel Laboa Katedrak bultzatutako jarduera da Laboari oihartzun, eta proiektuari doinua jarriz, orkestrak kontzertu berezi bat eskainiko du datorren ostiralean, abenduaren 12an, 20:00etan. Orkestraren Miramongo egoitzan izango da emanaldia, eta sarrera doakoa eta irekia izango da, aretoa bete bitartean. Euskadiko Orkestrako kideez gain, Easo Eskolaniako Tiplea arituko dira taula gainean, Arturo Tamayo zuzendariaren esanetara. Honakoa izango da kontzertuaren egitaraua: Negu izpiak (Peio Caballete), Hypnos Variation (Pascal Gaigne), Baña nik (Felix Ibarrondo), Mikel Laboa (Ramon Lazkanoren orkestrazioa): Gernika-Lekeitio 4.
Laboari Oihartzun proiektua, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Gipuzkoako Foru Aldunadiaren ekimenez Mikel Laboa Katedra sortu zenean bertan abiatu zen. Katedrako arduradunek hamaika euskal musikariri enkargua egin zieten, Laboarekin lotutako hainbat abesti prestatzeko; zazpi ensemble formatuan, eta lau orkestrarako, baita Gernika-Lekeitio 4 obraren orkestrazioa ere. Momentuz, ensembleko lau obra estreinatu dituzte, eta gainontzekoak 2015ean estreinatzea aurreikusten dute. Orkestrak ostiralean interpretatuko dituen lau obrak estreinaldiak izango dira. Peio Çabalette, Pascal Gaigne eta Felix Ibarrondok osatu dituzte obrak, eta Mikel Laboaren Gernika oinarri harturik, orkestrarako prestatu du Ramon Lazkanok. Azken batean, Laboak musika garaikidearekiko izandako lotura islatu eta gizarteratu nahi dute. “Katedraren helburuetako bat, lengoaia artistiko anitzen elkartasuna da, Mikel Laboa ardatz hartuta. Bere ibilbideko alderdi ezezagunenetako bat musika garaikiearekin izan zuen lotura da”, aipatu du katedrako zuzendari Juan Kruz Igerabidek.
Laboa 2008ko abenduan hil zen, 75 urte zituela, eta euskal kantagintzako ikurretako bat da.