Arte eszenikoen neguko programazioa aurkeztu dute Donostia Kulturako arduradunek; musika, antzerkia eta dantza izango dira ardatz nagusiak 2015ean ere.

Jon Aizpuru, Josemi Beltran, Nerea Txapartegi, Norka Chiapuso eta Miguel Martin, gaurko aurkezpenean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
“Beste behin ere liluratzeko moduko programazioa osatu dugu”, aipatu du Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak. Izan ere, datorren urteko neguko hilabeteetan Donostia Kulturak izango duen egitaraua aurkeztu dute gaur goizean, hainbat arduradunek; hau da, neguko arte eszenikoen programazioa. Txapartegik bertan azaldu duenez, 30 musika emanaldi, 38 antzezlan eta bederatzi dantza ikuskizun, eta bestelako zazpi saio izango dira guztira egitarauaren barnean. Berri Txarrak, Gatibu eta Ruper Ordorika nabarmendu dituzte euskal kontzertuen artean, hiruek ere euren disko berriak aurkeztuko baitituzte hirian. Berri Txarrakek, gainera, lau kontzertu eskainiko ditu Intxaurrondo kultur etxean, eta lehenengo hiruetara sarrerak agortuak daude jada. Edonola, bertako zein atzerriko artistek lekua izango dute hiriko eszenatokietan, eta estilo eta formatu aldetik programa anitza izango dela adierazi du Txapartegik.
Programazio osoa dagoeneko kontsultatu daiteke. Batetik,
Viktoria Eugenia Antzokikoa (urtarrila eta ekaina bitartekoa), eta bestetik,
Antzoki Zaharrekoa zein kultur etxeetakoa (urtarrila eta martxoa bitartekoa).
Musika arloan, honakoak nabarmendu dituzte arduradunek: Elliot Murphy rock abeslari estatubatuarra, Pablo Milanes kubatarra eta Ismael Serrano madrildarra; 50. Jazzaldiko bertako taldeen hautaketa;
Zeru horren infernuak (William Shakespeareren sonetoak euskaratuta);
Usandizagarekin lau ordu, musikagile donostiarra jaio zenetik ehun urte beteko direla eta Musikeneko kideek egingo duten emanaldia; Donostia Hiria Nazioarteko Piano lehiaketa; eta ekainaren 21eko Nazioarteko Musikaren Egunean banatuko duten
II. Adarra Saria.
Antzezlanen artean, Tanttakaren
Kafka eta panpina bidaiaria, Pentacion konpainiaren
Kathy y el hipopotamo, eta Borobil Teatroaren
Jokoz kanpo gomendatu dituzte bereziki. Baita ere, noski, martxoaren 27an banatuko duten
XV. Donostia Antzerki Saria.
Dantza emanaldiei dagokienean, hiriko Dantzaz konpainiak eskainiko duen
Txoriak nabarmendu dute; Mikel Laboaren inguruan sortutako ikuskizuna baita. Blanca Li-ren
Robot ere goraipatu dute; baita apirilaren 26an izango den
Dantzaren Nazioarteko Egunaren XIX. Gala. Eta noski, antzerki eta dantza arloetako profesionalentzat hain garrantzitsua den dFeria azoka, martxoaren 9tik 12ra.