Andoni Arabaolaza kazetaria ohorezko bazkide izendatuko du Vasco de Campingek
Hainbat jarduera egingo ditu mendi elkarteak urtarrilaren 19an, bere egoitzan, 18:00etan.
Vasco de Camping elkarteko kideek bat egingo dute datorren ostiralean. Izan ere, jarduerez betetako arratsaldea antolatu dute, elkartearen egoitzan. Zehazki, 18:00etan elkartuko dira mendizaleak, eta hasteko, Andoni Arabaolaza kazetari hernaniarra ohorezko bazkide izendatuko dute. Klubeko kideek asko eskertzen baitute Gara egunkarirako astero argitaratzen duen informazioa. 1980ko hamarkadan ekin zion elkarteak ohorezko bazkideak izendatzeari: klubeko lagunak edo mendizale moduan hobetzen erakutsi dieten kideak saritu izan dituzte, euren lana eskertze aldera.
Jarraian, CVCEPHOTO nazioarteko argazki lehiaketa aurkeztuko dute; eta gero, Udazken Saloia, Jose Alonso Labraren Oroimenez argazki lehiaketan aurkeztutako argazkiak erakutsi eta sari banaketa egingo dute. Mendia bere alderdi guztietan izan da lehiaketaren gaia. Azkenik, urtero bezala, egutegi berria eta Errimaia aldizkaria aurkeztuko dituzte. San Tomas egunaren atarian egonik, partaide guztientzat txistorra banatuko dute.

Vasco de camping mendi elkartearen egoitza. (Argazkia: Estitxu Zabala)