Arrantzaleek XVI. mendetik hona bizitakoak jaso dituzte Ontzi Museoan
Bakailaoaren arrantza, ur handiak izeneko erakusketa zabaldu dute, emakumeek egindako lana ere azpimarratuz, argazki, agiri, tresna eta abarren bidez.
Euskal arrantzaleek XVI. mendetik gaur egun arte egindako jarduera bildu dute Bakailaoaren arrantza, ur handiak izeneko erakusketan. Ontzi Museoan zabaldu dute erakusketa, eta datorren urteko azaroaren 29a arte egongo da bisitatzeko aukera. Arrantzaren ikuspegi historiko, sozial eta ekonomikoak bildu dituzte, hainbat argazki, agiri, margolan, arrantzarako tresna, material etnografiko eta abarren bidez. “Gure jardueran estrategikoa da euskaldunon itsas-kultura balioan jartzea; horretarako, Ontzi Museoa ezinbesteko tresna da. Ez dugu nahi, ordea, museo itxi eta isolatua izatea, baizik eta, inguruarekin, eta bereziki Pasaiarekin, harreman etengabea eta dinamizatzailea izango duen eragilea behar du izan. Gai honekin lotura estua du, eta horregatik erakusketa honek atal berezi bat izango du, Pasaia bakailao portua. Guretzat Pasaiak duen garrantzia nabarmena da”, aipatu du kerne Badiola Kultura diputatuak aurkezpenean.
Ternuako eta Ipar Atlantikoko uretan arrantzaleek jasandako bizitza “gogorra” azaldu nahi izan dute erakusketaren bidez, baita emakumeen parte-hartze aktiboa ere. Izan ere, emakumeak arrantzara joan ez badira ere, lehorrean, bakailaoaren arrantzaren funtzionamendurako ezinbesteko lanak garatu izan dituzte: karga eta deskarga, arrainaren manipulazioa, dendetara bideratu…
Bakailaoaren arrantzarekin zerikusia duten material baliotsuak berreskuratu ditu Ontzi Museoak, eta horiek ikusgai izango dira. Baita PYSBE bakailao enpresaren interes handiko beste pieza batzuk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailuan gordeta egon direnak. Gainerako materialak hainbat tokitatik bildu dituzte: Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, San Telmo Museoa, Baionako Euskal Museoa, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa, Gipuzkoa Ozeanografia Fundazioa, Kutxateka, Musee de Fecamp, Museu Maritimo de Ilhavo (Portugal), eta bilduma partikularrak.
Omenaldia eta tailerrak
Egitasmo zabala antolatu dute erakusketaren baitan. Hala, asmo jakinak dituzte datozen hilabeteetarako, Badiolak aurreratu duenez: “Gure asmoa, Pasaiko Udalarekin batera, bakailaoaren industriarekin harremana izan zuten gizon eta emakumeei omenaldi bat egitea da; Bakailao-lantegietako emakume langileak, arrantzaleak, kapitainak, ofizialak, ontzi-jabeak…”. Hitzaldi ziklo bat ere antolatzen ari dira, gaian adituak diren historialariekin (Michael Barkham edo Jose Antonio Azpiazu). Bisita gidatuak ere egingo dituzte ,bakailao-enpresa zaharretan bizirik dirauten aztarnak ezagutzeko, eta hainbat programa pedagogiko lantzen ari dira: lantegi multientsoriala, ginkana, belaunaldien arteko tailerra…
[box]

‘Doris’ txalupa ikus daiteke erakusketan. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
- Zer. Bakailaoaren arrantza, ur handiak erakusketa
- Non. Ontzi Museoan; kaiko pasealekua, 24.
- Noiz. 2014ko abenduaren 16tik 2015eko azaroaren 29ra.
- Ordutegia. Asteartetik larunbatera; 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Igande eta jaiegunetan; 11:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita.
- Bisita gidatuak eta programa didaktikoak. Asteartetik ostiralera, taldeei zuzenduak. Aldez aurretik izena eman behar da.