Udaleko Gazteria saila elkarlanean aritu da hiriko beste hainbat elkarterekin batera, Gabonak Zuretzat egiteko.

Naiara Sampedro Gazteria zinegotzia eta Amaia Maguregi kartelaren egilea, jardueretako arduradunetako batzuekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gabonetarako egitarau oparoa osatu du udaleko Gazteria sailak, hiriko beste hainbat elkarterekin batera: Donostia Kultura, Cristina Enea Fundazioa, Emeki Emeki elkartea… Azken batean, haur eta gazteek abenduko oporraldian jolasen bidez ongi pasa eta heztea dute helburu, aisialdia modu egokian bideratuz, hezikidetza, elkartasuna eta sorkuntza bultzatuz. Hala, hiriko hamalau auzotan 400 jarduera baino gehiago egingo dituzte, Gabonak Zuretzat izenburupean. Jolasak, tailerrak, bisitak eta Kursaaleko Gabonetako parkea izango dira jarduera nagusiak, eta Olentzero eta Mari Domingi auzo guztietara joan dira haurrak bisitatzera. Programaren aurkezpenean Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak azaldu duenez, iaz 23.000 lagun baino gehiagok parte hartu zuten jardueretan, beraz, aurten ere arrakasta izatea espero dute.
Honako guneetan izango dira jarduerak: Aiete, Altza, Añorga, Amara, Antigua, Ibaeta, Bidebieta, Egia, Gros-Ategorrieta, Intxaurrondo, Loiola, Martutene, Txomin Enea eta Parte Zaharra. San Telmo Museoko ekitaldi aretoan, kultur jarduerak eskainiko dizkiete haurrei, eta Kursaaleko Gabonetako Haur Parkean, udalak bere Haur Txokoa izango du. Berrikuntzak ere badira tartean; Añorgan, esaterako, Añorgatxikitarrak elkarteak auzoko haurrentzat hainbat kontu antolatu ditu; zero eta bost urte arteko haurrei begirako eskaintza zabaldu egin dute orokorrean, Emeki Emeki elkarteak hainbat tailer antolatu dituelarik Amarako Haur Txokoan, esaterako; Kontadores gazte guneak Jostaketa eta bitxigintza tailerra antolatu du 18-30 urte arteko gazteentzat; eta Haur Txokoetan Familiarekin Jolasean izeneko saioak egingo dituzte.
Hauek izango dira jardueretako batzuk:
- San Telmo Museoan haurrentzako doako ikuskizunak eskainiko dituzte: Pepa eta Kutxo pailazoak (abenduak 26, 17:30), Lorategian antzezlana (abenduak 30 17:30), Kidam Magoa (urtarrilak 2, 17:30).
- Gabonetako Haur Parkea Kursaalen. Abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Bertan, bigarren urtez, Kibber taldearen eskutik Lego tailerrak egingo dituzte.
- Donostiako Museoen Sareari esker, familia giroan museoak bisitatzeko eta hainbat jardueretan parte hartzeko aukera egongo da 10 euroren truke, abenduaren 22tik aurrera, 6-10 urte bitarteko haurrekin. Museum Cemento Rezola, Aquarium, Ontzi Museoa, San Telmo Museoa, Real 100 Museoa eta Elizbarrutiko Museoak osatzeko duten sarea, eta parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago 943 44 00 99 telefonora deituz edo educacion@aquariumss.com posta elektronikora idatziz.
- Cristina Enea Fundazioaren Ingurumen Baliabideen Etxean, haurrentzako hainbat jarduera.
- Kontadoren Gazte Gunean, 18-30 urte bitartekoentzat: Konta Fest (abenduak 19, 18:30), Josketa eta Bitxigintza tailerra (abenduak 26-27), Radio Performance Bajo el influjo del coco (abenduak 27, 20:00).