Herri Kirolen XI. topaketa ospatu dute Bidebieta Institutuan
6. eta DBH 1.mailako ehun ikasle inguruk parte hartu dute.
Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere Bidebieta Institutuak, Mendiola Herri ikastetxeak eta Karmengo Ama ikastetxe publikoa elkartu eta herri kirolen XI. ekitaldia ospatu dute. Topaketa honen bidez, hiru ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea nahi dute; izan ere, Lehen Hezkuntza Mendiola eta Karmango Ama ikastetxeetan egiten duten ikasleek DBH eta Batxilergoa Bidebieta Institutuan egitera joaten dira, azken hau baita inguruan dagoen Bigarren Hezkuntzako erreferente publiko bakarra. Gainera, herri kirolak ezagutu eta euskal kultura zabaltzea ere dute helburu. “Ekintza pedagogikoa iruditzen zaigu, euskal kultura eta gorputz hezkuntza uztartuz, ikasleek elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera dutelako. Gainera, hiru ikastetxeetako gurasoeak ere gonbidatzen ditugu eta oso giro ona sortzen da Bidebieta Kiroldegiko harmailetan ere”, adierazi dute Bidebieta Institutik.
Antolaketari dagokionez, aurten, Batxilergoko 2. mailako ikasleak izan dira guztia antolatu dutenak: ikasleak taldetan banatu, jolasak prestatu… Hain zuzen ere, Batxilergoan dauden ikasleetako askok Karmengo Aman edo Mendiolan Lehen Hezkuntza egin zuten, eta jarduerak txikitako irakasleekin topo egiteko eta oroitzapenak gogoratzeko balio izan die.
Hiru ikastetxetako 6. eta DBH 1. mailako ikasleak nahastuz, lau taldetan banatu dituzte: gorriak, laranjak, urdinak eta berdeak. Ondoren, kolore bakoitzeko partaideek bost jolasetan parte hartu behar dute: lokots bilketa, zaku-lasterketa, “gizon-proba”, sokatira eta txingak. Ekitaldiaren amaieran, indar berritzeko, hamaiketakoa banatu diete. “Oso positiboa dela iruditzen zaigu: ikasleek pozik hartzen dute inguruko ikastetxeetako kideekin jolastu ahal izatea; gainera, aurreko ikasturteko lagunekin aritzeko aukera dute. Bestalde, euskal jolasak ezagutarazteko modu egokia dela iruditzen zaigu, bertan parte har dezaketelako ikasleek”.

Bidebieta Institutuko herri kirol topaketa. (Argazkia: Bidebieta BHI)