Frankismo garaiko maisu eta maistrak omendu nahi dituztelako
Erakusketa Donostiako Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Aranzadi Zientzia elkartearen ikerketa lanen ondorioa da; martxoaren 13ra arte egongo da ikusgai, Aiete kultur etxean.
Hezkuntza frankismoko sistema totalitarioaren oinarrizko zutabe bihurtu zen, eta erregimena iraunarazteko Eliza katolikoa eta falangea egin ziren hezkuntza monopolioaren jabe. Bada, erregimenarekin bat ez zetozen ehunka maisu eta maistra euren ikasgeletatik baztertu eta bota egin zituzten, eta milaka haurrek zigorrak, kolpeak eta doktrinatzeak pairatu zituzten. Garai horren berri emateko, eta udalak memoria historikoa berreskuratzeko duen konpromisoaren harira, Arbel beltza. Sasoi ilunak euskal hezkuntzan izeneko erakusketa bat aurkeztu dute gaur, Aiete kultur etxean.
Liburuak, ikasmahaiak, ikastetxeetako aktak, kartelak, argazkiak eta beste hainbat dokumentu eta materialek osatzen dute udaleko Giza Eskubideen sailak eta Aranzadi Zientzia elkarteak prestatutako ibilbidea. Gerra Zibilaren hasieratik diktadorea hil arte bizi izan zen irakaskuntzaren berri eman nahi izan dute. Hala, garai hartan hezkuntza hobeago baten alde egin zuten Euskal Herriko irakasleei omenaldia egin diete. Errepublika, frankismoa, klandestinitatean sortutako lehenengo ikastolak eta Euskal Herriko lehenengo unibertsitateak jorratzen ditu erakusketak. 50 erakundek eta norbanakok baino gehiagok utzi dituzte objektuak eta argazkiak, eta beste hainbestek euren lekukotasunak eskaini dituzte.
Aiete kulture etxera hurbiltzen diren bisitariek Errepublika eta gerra frankistaren garaiko ikasliburuen artean edo ikastoletan erabiltzen zituzten Xabiertxo bezalako material didaktikoen artean dagoen aldea ikusteko aukera izango dute. Gainera, historiako gertakari “beltzak” ezagutuko dituzte, hala nola Elvira Zipitria andereñoaren ikasgelako arbela mehatxuzko esaldiz beteta agertu zenekoa. Zenbaitek berriro biziko edo gogoratuko dituzte egunero eta nahitaez ikasgeletan erabiltzen zituzten “Cara al sol” edo arrosarioak.
Bestalde, lehenengoz Txiki Zabalo marrazkilariak 1993.urtean Euskal Estatutuaren kartel baterako egin zuen jatorrizko zirriborroa dago ikusgai, eta baita Iñaki Egañak garai hartako hezkuntzaren inguruan egindako argitalpen bat ere publikatu dute. Testu horretan, Gipuzkoan 1936tik 1942ra bitartean baztertu eta zigortu zituzten 140 maisu eta maistren izenen zerrenda bat dator. Irakasle horietako 60 inguru, donostiarrak.
Ohe azpian ezkutatuak
Lekukotasunek, beraz, garrantzia handia izan dute erakusketa osatzerako garaian. Garai horiek bizi izan zituzten hiru pertsonak hartu dute parte gaur egin duten aurkezpenean eta euren pasadizoak kontatu dituzte. Antonio Campos oriotarraren aita, adibidez, gerra amaitzean Zamorara eraman zuten, bertan maisu lanak egiteko. Beranduago, Antonio Campos berak ikastolen mugimendua zuzendu du, 25 urtez. “Oso polita izan da berriro dena irudikatuta ikustea”, adierazi du.
Mari Karmen Mitxelena magisteritza ikasten ari zenean, Elvira Zipitriak –frankismoaren garaiko lehen ikastolako maistrak– praktikak urtebetez berarekin eginez gero ikastoletan lan egiteko aukera izango zuela esan zion. “Ez nekien ikastolak existitzen zirenik ere, baina baietz esan nion eta Donostiako Kaian eman nituen lehenengo klaseak. Bertan, hamaika urte klandestinitatean eman genituen”. Etxe bateko gela batean eskolak ematen zituzten, eta behin baino gehiagotan polizia lekua miatzera etorri zitzaien: “Haurrak hartu gelatik eta etxeko andrearen baimenarekin beste gela batera pasatzen genuen, eta ohe azpian ezkutatzen genituen”.
Horrela urte batzuk eman ondoren, 1968an beste irakasle batzuekin elkartu eta Orixe Kultur Elkartea sortu zuten, geroago Orixe ikastola izango zena. Elbira Zipitriak Frantziara ihesean joan behar izan zuen, eta handik ikuspuntu berri ugari ekarri zituen. Bere irakaskuntzaren ezaugarriak ere zeintzuk ziren azaldu ditu Mitxelenak: “Haurrek euren hizkuntzan ikastea zen helburua; zekitenetik hasi eta horrekin eraikitzea. Orain horri metodologia eraikitzailea deitzen diogu. Neskak eta mutilak elkarrekin lan egitearen alde zegoen, berdintasunean hezitzen zituen. Urgull mendia ondoan genuenez, bertara hainbat irteera egiten genituen, zuhaitza motak eta beste gauza asko ezagutzeko”.
Ricardo Ugarte eskultore ezagunak bere haurtzaroa Donostiako Mariaren Bihotza ikastetxean igaro zuen. Gosea eta beldurra nagusi zela gogoan du. “Nire aita gudaria izan zen, eta beldurrez inguratuta bizi ginen, ez genuen gerraz hitz egiten. Eskolan Cara al sol egunero abesten genuen eta mezara joatea derrigorrezkoa zen. Kuartel batera joango banintz bezala sentitzen nintzen”.
[box]
- Zer. Arbel beltza erakusketa.
- Non. Aiete kultur etxean.
- Noiz. 2015eko martxoaren 13ra arte.
- Ordutegia. Asteartetik igandera, 16:00etatik 20:30era. / Abenduaren 22tik urtarrilaren 5era, asteartetik ostiralera. Larunbatetan 10:00etatik 14:00etara, eta 16:30etik 20:00etara; igandetan, 10:00etatik 14:00etara.
- Sarrera. Doakoa.
- Bisita gidatuak (ikastetxeentzako). Eskoletako 11 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat, 2015eko urtarriletik martxora. Hitzordua 943 48 19 75 telefono zenbakian eskatu daiteke.