Partaidetza zinegotzi Axier Jaka, gaurko udalbatzarrean. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Euskara jakitea ez da beharrezkoa izango Euskararen Aholku Batzordean egoteko; Euskararen Kontseilu Sektorialaren Araudiari hasierako onespena eman dio oposizioak; Bilduk kontra bozkatu du, bi hizkuntza ofizialak bermatzeko egindako zuzenketa baztertu dutelako; Emakumeen Kontseilu Sektorialaren Araudiaren eztabaidan ere bakarrik geratu da udal gobernua; gizonen presentzia ontzat eman dute PSE-EEk, EAJk eta PPk.
Urteko azken udalbatzarra egin dute, eta ika-mika piztu da hasieratik; kontseilu sektorialen araudiei hasierako onespena eman dietenean, batez ere.
Aholku batzordeen lana «ahaldundu» nahi dute araudi aldaketarekin, «herritarren protagonismoa handitzeko». Izan ere, batzorde horietan hiriko elkarte eta eragileen hainbat ordezkarik hartzen dute parte, eta, Partaidetza zinegotzi Axier Jakak adierazi bezala, udal gobernuaren partaidetza ereduaren oinarria da herritarren ekarpenei bide ematea. Gizarte Ekintza, Ingurumena, Mugikortasuna eta Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntza arloetako kontseilu sektorialen araudiak aho batez onartu dituzte; ez, ordea, euskara eta emakume arloei dagokiena. Bi kasu hauetan, hasierako onespena jaso dute araudiek, PSE-EEk, EAJk eta PPk bat egin eta gero, baina udal gobernuaren aurkako botoarekin. Hain zuzen ere, Bilduk aurkeztutako zuzenketak bertan behera utzi ditu oposizioak, eta horregatik bozkatu du aurka udal gobernuak.
Euskararen kasuan, arloko aholku batzordeko partaideek bi hizkuntza ofizialak jakitea baldintza gisa jarri du Bilduk bere zuzenketan; eta Emakumeen Kontseilu Sektorialaren Araudiaren kasuan, arloko aholku batzordeko partaideak emakumeak izatea. Oposizioak zuzenketak baztertu ditu, eztabaida bizia piztu eta gero.
Partaidetza zinegotzi Axier Jakak esan du Euskararen Aholku Batzordean euskara komunikatzeko hizkuntza izatea «zentzuzko» eskaera bat dela; hots, «zuzena» dela bi hizkuntza ofizialak dakizkitenek parte hartzea batzordean. «Zentzua luke Cervantes Akademian gaztelera ez dakien norbait egoteak?», galdetu du. «Nola lortuko dugu normalizazioa, batzorde honetan euskara jakitea eskatzen ez badugu?», erantsi du.
EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek neurriak zalantza asko sortzen dituela adierazi du, udalean ordezkaritza politikoa duten zenbait alderdi batzordetik kanpo utziko lituzkelako. «Euskarari ez zaio inongo mesederik egiten jendea baztertuz gero. Udal talde guztiek eskubidea dute ordezkaritza izateko», esan du.
PPko bozeramaile Ramon Gomez ere kontra azaldu da: «Zein euskara maila eskatuko lukete? EGA azterketa egin beharko genuke? Baldintzak eskatu behar badira, gaztelera jakitea ere eskatuko dugu».
PSE-EEko zinegotzi Marisol Garmendiak «dakitenek eta ez dakitenek» euskara berea egin behar dutela azpimarratu du, eta udal talde guztiek ordezkaritza politikoa izateko eskubidea dutela aldarrikatu du, euskara jakin edo ez: «Hiruko erregela horren arabera, Izagirre ez zen Donostiako alkate izan beharko, igeldotartzat baitu bere burua». Era berean, Garmendiak nabarmendu du euskarak «elkarbizitzarako tresna» izan behar duela, eta «euskararen talibanek» hori jakin beharko luketela.
Emakumeen Kontseilu Sektorialaren eztabaidaren kasuan, udal gobernua ere bakarrik geratu da. Kasu honetan, oposizioak ontzat eman du gizonen presentzia arloko aholku batzordean, nahiz eta, Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedroren hitzetan, hirian «emakumeen ahalduntzerako» dagoen bilgune bakarra izan.
PSE-EEk eta PPk esan dute gizonek ere eztabaida aberastu dezaketela. «Berdintasuna ez da genero kontu bat, konpromiso kontu bat baizik», adierazi du Gascok. San Romanek berretsi du, alderdian dauden emakumeek bileretara joatea ezinezkoa izanez gero, neurriak ordezkaritzarik gabe utziko lituzkeela.