Fernando Osa gogoan izango dute Donostiako 60. Nazioarteko Krosean
Vasco de Camping elkarteak Argentinan hildako mendizale donostiarra omenduko du, eta bere lagunei bat zenbakidun dortsala emango die igandeko lasterketan.
Vasco de Camping elkarteko kide bat, Fernando Osa, hil egin zen joan den astean. Argentinako Andeetako mendilerroan zebilela izan zuen zorigaitza Osak, Vasco de Camping elkarteak mendizale donostiarra omentzea erabaki du, datorren igandean, Donostiako 60. Nazioarteko Krosaren baitan. Mendiko gaitza deituriko biriketako edemaren eraginez hil zen Osa, erreskatea ez baitzen garaiz iritsi. Hala, gehiegizko likidoa pilatu zitzaion biriketan, altuerara gaizki egokitu eta presio atmosferiko baxuak sortuta.
Nazioarteko Krosa hasi aurretik, 12:30ak inguruan, minutu bateko isilunea gordeko dute hipodromoan, mendizalearen omenez. Ondoren, sari banaketen garaian, klubeko kideek bat zenbakidun dortsala oparituko diete Osaren lagunei, oroigarri gisa.
Oinez zein korrika joateko aukera
Urtero legez, txangoa antolatu du Vasco de Camping elkarteak, Donostiatik Lasartera krosa ikustera joateko. Gainera, aurten ibilbidea korrika egiteko aukera ere egongo da, Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin batera, I. Herrikoia Krosera izeneko lasterketa ere antolatu baitu elkarteak. Izen ematea zabalik dago.

Fernando Osa, Ehunmilak proban parte hartu aurretik. (Argazkia: Vasco de Camping elkartea)