AEK euskaltegiaren lasterketa erraldoia hirira iritsi aurretik, hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da, Korrika Kulturalaren barnean.

Korrika Kulturalaren aurkezpena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bi urtetik behin antolatzen du AEK euskaltegiak Korrika, euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatuko ditu aurten ere, 19. aldiz, martxoaren 19tik 29ra. Urepelen hasi eta Bilbon bukatuko da hamaika eguneko ibilbidea, eta Donostian martxoaren 22an sartuko da, goizez. Nafarroara martxoaren 20an iritsiko da, Baionara 21ean, Donostiara 22an, esan bezala, Gasteizera 28an, eta hurrengo egunean Bilbora.
Badira urte batzuk, Korrikaren baitan, Korrika Kulturala ere antolatzen hasi zirela, eta gaur aurkeztu dituzte aurtengoaren oinarri nagusiak, 2016 Gunean. Euskal kultura bultzatzea eta euskara esparru guztietara eramatea du helburu AEK euskaltegiak; beraz, Korrikaren atarian, hainbat ikuskizun batuko ditu aurten ere. Egitarauko ikuskizun nagusiak honakoak izango dira:
Fausto antzezlana,
Gosariak,
Bertsolaritzaren sekretuak,
Hor dago ardoa!, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen
Txo, Mikmak Txikia eta Bertso Korrika. Ikuskizun horietatik lehen biak Donostian bertan eskainiko dituzte.
Gose musika taldeak eskainiko du
Gosariak izeneko ikuskizuna. Joseba Sarrionaindia idazlearen hitzak hartuta, Gose eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoak aritu dira elkarlanean, Gosariak sortzeko. Musikariek testuak abesti bihurtu dituzte, eta artistek irudi. Bilbon estreinatuko dute, urtarrilaren 22an, eta Donostiara otsailaren 13an iritsiko da, Intxaurrondo kultur etxera. Eskoriatza (U-11), Hendaia (O-14), Gasteiz (O-20), Igorre (O-27) eta Iruñean (M-13) ere eskainiko dute.
Fausto antzezlanari bere pertsonaia nagusiak ematen dio izena. Kartzelan preso dago, eta indultua eskainiko diote; Madame Demokraziarekin ezkontzea onartu beharko du, eta herritar eredu bihurtu. Horrela bada, Faustok Ongizatearen bidea, ezkontzarekin hasiko du. Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola, Diego Perez aktoreak, eta Lahaine rap abeslaria, eta Maisha MC arituko dira oholtza gainean, Diego Perezen zuzendaritzapean. Donostian estreinatuko dute, urtarrilaren 29an, Parte Zaharreko Antzoki Zaharrean; ondoren, honako herrietatik igaroko da: Burlata (O-5), Gasteiz (O-26), Gernika (O-28) eta Bilbo (M-11).
Beste ikuskizun batzuk ere hartuko ditu korrikak, besteak beste:
Bertsolaritzaren sekretuak bertso-musikatu ikuskizunak emakume bertsolarien gordetako historia azaleratuko du; lehen emanaldia otsailaren 22an izango da, Hernanin, eta ondoren, Iruñean, eta Mungian eskainiko dute.
Hor dago ardoa, artez jantzitako ardo dastaketa izango da; Oreretan estreinatuko dute martxoaren 5ean, eta ondoren, Zalla, Gasteiz eta Lizarran izango da.
Txo, Mikmak Txikia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Albaola proiektuarekin batera ekoiztutako ikuskizuna da; Sondikan, Izpuran eta Lodosan eskainiko dute. Bertso Korrikari dagokionean, hainbat herrietako bertso eskolek eta euskaltegiek elkarlanean parte hartzeko jarduera da, eta dagoeneko 30 herritan baieztatu dute partehartzea.
Lau lehiaketa
Korrika Kulturalaren agenda osoa, telefonoetarako propio sortutako aplikazio batean kontsultatzeko aukera egongo da, Korrika aplikazioari esker. Korrikaren ibilbidea, unean uneko lekuko eramailea nor den jakin den jakiteko aukera emango du, besteak beste. Berrikuntza moduan, Korrikak irauten duen egunetan, argazki lehiaketa bat egingo dute; hala, jendeak aplikaziora bidalitako argazkiak jasoko dituzte, eta egunean bat sarituko dute. Aplikazioa laster doan eskuragai egotea espero dute arduradunek, Android eta Iphonetarako.
Jendearen parte hartzea bultzatzeko, argazki lehiaketaz gain, beste hiru lehiaketa jarriko ditu abian Korrika Kulturalak:
korrikaren abesti bertsioena,
bideo-kopla lehiaketa eta
bideo lehiaketa. Gaur bertan zabaldu dute parte hartzeko epea, eta martxoaren 9an itxiko dute. Oinarriak eta informazio guztia topa daitezke
korrika.eus webgunean.