Lilatoian parte hartzeko izen ematea zabaldu dute
Emakumeen lasterketa martxoaren 1ean izango da, 11:00etan; Donostiako Atletikok du antolakuntzaren ardura, Lilaton Taldearen lekukoa hartu ostean.
Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan, Lilaton Taldeak 25 urtez Lilatoia antolatu du. Iaz, Donostiako Atletikoren laguntza izan zuen taldeak lasterketa antolatzeko; eta aurten, lehen aldiz, Atletikok antolatuko du emakumeen lasterketa, bere osotasunean. Martxoaren 1ean izango da 26. Lilatoia, 11:00etan, eta dagoeneko ireki dute izen emate epea, otsailaren 20a arte.
Gehienez 3.800 korrikalarik eta 200 patinatzailek izango dute parte hartzeko aukera. Partaideek txipa eskuratu beharko dute eta Kontxako kabinetako dutxak erabiltzeko aukera izango dute. Bai korrikalari bai roller moduan parte hartzeko Kirolprobak webgunean egin behar da izen ematea. Hamalau urtetik gorako emakume guztiek izango dute proban parte hartzeko aukera.

Iazko Lilatoiko partaideetako batzuk, helmugara iristen. (Argazkia: Lide Ferreira)