
Kanpainaren irudia.
5.000 liburuxka banatuko ditu udalak, urtaro hotzenetan ere bizikletan eroso eta seguruago ibiltzeko gomendioekin.
Geroz eta donostiar gehiagok erabiltzen dute bizikleta, eta neguan ere txirrindulari ibiltzen badira ere, urtaro hotzenean bizikletaren aldeko apustua sendotu behar dela uste du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Helburua da eguraldiak eta hotzak ez baldintzatzea herritarren ohiturak.
Bizikleta, neguan ere bai lelopean egingo dute kanpaina, eta udalak eta hiriak bizikletarekin “konpromiso irmoa” dutela erakutsi nahi dute.
Dbiziko geltokietako markesinetan ere iragarkiak jarriko dira, Bizikleta, neguan ere bai leloarekin. Gainera
5.000 liburuxka banatuko dituzte zenbait gomendiorekin, euria eta hotzaren eraginpean bizikletaren erabilera erosoagoa, atseginagoa eta seguruagoa izan dadin.
[box]
Gomendioak:
1. Erabili euria eta hotzerako arropa aproposa, hala nola, oinetako eta jantzi iragazgaitzak, bizikletaz ibiltzean zure gorputzak sortzen duen beroa mantentzeko. Behar beste osagai erabili, burutik oinetaraino babestuta egoteko. Kapa bat oso irtenbide ona izan daiteke euritarako.
2. Jarri bizikletari zeure burua eta zurekin daramazuna ez bustitzeko behar den guztia: aurreko eta atzeko gurpiletan lohibabesak jartzen badituzu, urak ez zaitu zipriztinduko. Poltsa, zakuto nahiz motxila iragazgaitzak erabilita, zure gauza baliotsuak ez dira bustiko.
3. Zeure burua ikusgarri egin: Eguna laburra da neguan eta ikuspena, txikiagoa, batez ere euria ari badu. Beti eraman bizikletan aurreko eta atzeko argiak, egoera eta eguneko momentu bakoitzari egokitzeko. Erabili jantzi islatzaileak eta argiak, batez ere galtzadan ibiltzeko.
4. Ahal duzun guztietan, bidegorritik joan. Halakorik ez badago, erabili, ahal dela, 30eko guneak eta trafiko dentsitate gutxiko bideak.
5. Bizikletaren egoera aztertu eta behar bezala mantendu, galgak eta gurpilen presioa zainduta, batez ere. Gogoan izan galgatze distantzia handitu egiten dela bidea bustita dagoenean.
6. Arreta jarri inguruari. Ez erabili entzungailurik. Saihestu estoldak eta putzuak. Euria ari duenean edo egin eta gero, irristakorrak izan daitezkeen zoruetan kontu handi-handiz ibili.
7. Gorde bizikleta toki estalietan, denbora luzerako bada behintzat, hondatu ez dadin eta, bide batez, toki gehiago uzteko beste erabiltzaileei.
8. Gogoratu ez duzula inola ere espaloitik ibili behar.
9. Zirkulazio arauak bete eta semaforoei kasu egin. Ez ahaztu zu ere ibilgailu bat zarela.
10. Lasai egoteko, kontrata ezazu erantzukizun zibileko aseguru bat.
[/box]