Ttan Ttakun irratiak urteroko festa egingo du etzi Gazteszenan
The Lookers, Miss Undergroove, Simone & The Holly Balls eta Last Fair Deal taldeek joko dute, besteak beste
Urtero bezala, Ttan Ttakun irratiak jaialdia antolatu du etzi, Egiako Gazteszena aretoan. Gau osoan zehar egingo dute festa, 23:00etatik 06:30ak arte, eta sarrerak 22:00etatik aurrera jarriko dituzte salgai, 5 euroren truke. Erosle bakoitzak bi sarrera beraganatu ditzake gehienez.
Gazteszenako bi aretoetan eskainiko dituzte kontzertuak, eta guztira dozena bat taldek parte hartuko dute festan. The Lookers Ziburuko (Lapurdi) hirukoteak hasiera emango dio jaialdiari; taldeak garage-punk-rock musikarekin egin du izena azken urteetan. Haiekin batera, areto nagusian izango dira Sister Simone & The Holly Balls 70eko rock eta blues kutsuko taldea, Miss Undergroove Iruñeko jazz elektriko banda eta Last Fair Deal rock talde bilbotarra. Kontzertu sorta amaitu ondoren, Kuolema DJk musikarekin girotuko du gaua goizeko lehen orduak arte.
Hip-hop gaua
Areto txikian ere gau osoan zehar iraungo du musikak, eta gehienbat hip-hop erritmoekin beteko dute gela. A Coruñako (Espainia) musikariak gaueko protagonistak izango dira jaialdian,esate baterako, Arufe, Judah Norwise eta Telmo Trenor. Arufek emango ditu lehen notak, eta Manjericão azken lana aurkeztuko du jaialdian. Ondoren, bertan izango dira Katza eta Orphidal Diego Monterrubio donostiarrarekin eta Frankie Pizak afrikar kutsuko musika elektornikoa eskainiko du. Gaueko azken doinuak Judah Norwside DJak jarriko ditu, eta Telmo Trenor musikariak jaialdiari amaiera emango dio.