'Bakea, bizikidetza eta elkarrizketa Euskal Herrian' ikerketa beka deialdia abian jarri dute
Ikerketa beka bat gauzatzeko deialdia abian jarri du Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak, Bakea, bizikidetza eta elkarrizketa Euskal Herrian izenburuarekin. Horretarako 17.600 euroko ordaina egingo du. Hilabeteko epean, alegia, otsailaren 10a arte, hau barne, lanaren aurreproiektua eta dagokion dokumentazioa aurkezteko aukera izango da. Horretarako xedatutako GAO-ean argitaratutako oinarrietara jotzea gomendatzen da.
Deialdiaren bidez, aukera zabaldu nahi zaie pertsona nahiz taldeei bake bidezkoago eta iraunkorragoa lortzen laguntzeko eta Euskal Herriko gatazkan kokatzeko, ondorengo hiru ikerketa gaien inguruan: Donostian eta, hedaduraz Euskal Herrian, bizikidetza, elkarrizketa eta bakea sustatzeko proposamenak eta mekanismoak biltzea edota planteatzea; Donostian euskal gatazkaren inguruan dauden oroitzapenak eta pertzepzioak biltzea eta aztertzea; eta Donostiako bizikidetzaren mesedetarako diren esperientziak trukatzeko guneak eta dinamikak aztertzea.
Donostiako Giza Eskubideen Bulegoan eskura daiteke informazio gehiago.