Lau Haizetako baratze parkea. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak beste 135 lursail zozketatuko ditu Lau Haizetako Hiri Baratze Parke Publikoan. Zozketa publikoa otsailaren 17an egingo du, asteartearekin, 18:00etan, udalbatzarren aretoan. Guztira 935 lagunek hartuko dute parte zozketan. Izan ere, oraingo deialdian behin-behinean onartutakoei, aurreko deialdiko itxaron zerrenda zeuden 774 lagunak gehituko zaizkie. Herritarrek hamar eguneko epea dute orain alegazioak aurkezteko.
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak adierazi du bigarren fase honekin urrats bat ematen ari dela guztira 350 baratze izango dituen proiektua osatzeko: “Baratze publikoen proiektuak oso harrera ona izan du donostiarren artean, izan ere, gogoratu beharra dago aurreko deialdian mila eskaeratik gora jaso genituela. Gaur egun 88 baratze daude erabilgarri, eta bigarren fase honekin 223 izango dira, kopuru horri beste 127 gehitu beharko zaizkiolarik hurrengo deialdian”. Jakak zehaztu du, aurreikusitako kronologiaren arabera, obrak aurki hasiko direla eta baratzak udaberrirako jarriko direla herritarren eskura.
Baratza publikoen parkeak uztailean zabaldu zituen ateak. Axier Jakak gogorarazi du proiektu honen bidez herritar guztiei zerbitzu bat eskaini nahi zaiela, zoru eta uren nekazaritzarako erabilera sustatzeko, eta tokiko espezien babesa eta formazio eta ingurumen kontzientziazioa sustatzeko, barazkigintza ekologikoa sustatuz praktika jasangarri honen bidez: “Donostiarrek, proiektu honen bidez, aukera paregabea dute hiritik atera gabe baratze bat izateko, eta horrela naturaren zikloak ezagutzeko eta natura bera zaintzeko aukera, ustiapen modu aintzat hartuta. Egitasmo hau autokontsumora bideratuta dago, eta nekazaritza ekologikoa dauka ardatz, eta praktika honen bitartez harreman sozialak bultzatu eta beste aisialdi eredu bat ere sustatzen da”.