Nerea Txapartegi eta Juan Karlos Izagirre. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
“San Sebastian egunak parte hartze handia du, guztiz herrikoia da, belaunaldi desberdinen topagune, eta integratzailea eta parekidea ere bada”. Hitz hauekin aurkeztu du gaur Juan Karlos Izagirre alkateak, Kultura ordezkari Nerea Txapartegi alboan zuela, San Sebastian eguna. Espiritu hori oinarri, alkateak jakinarazi du Jatorra danborradako ordezkariek igoko dutela ikurrina, urtarrilaren 20ko gauerdian. “Danborrada hau erretiratutako pertsonek osatzen duten bakarra da, eta pertsona adindunek festa egin eta festaz gozatzen dutela agerian utzi digute; horregatik eskaini diegu ikurrina igotzeko ohorea, eta beraiek, nola ez, poz-pozik hartu dute gonbitea”, adierazi du Izagirrek.
Jatorra danborrada 1998. urtean sortu zuten. Bere sorreratik danborrada mistoa da. Sukaldariz jantzen dira, zapi urdinarekin, eta gaur egun 74 lagunez osatuta dago: 50 emakume eta 24 gizonez. Ignacio Lopez da danbor nagusia; danbor kaboa, berriz, Felisa Garcia da. Danborradako presidentea Marta Funes da. Jatorra Erretiratuen Elkartean du egoitza, eta 212 bazkide ditu; 170 emakume eta 42 gizon.
Donostia Hiri Lagunkoia dela nabarmendu du alkateak: “Pertsona adindunek asko ematen diote hiriari, eta Donostia eraikitzeko hainbat prozesu parte hartzailetan izan dira. Pertsona helduak kontutan hartzea balore bat da, eta beraien lana aitortu nahi izan dugu”. Donostiako biztanleriaren %20ak 65 urte baino gehiago ditu gaur egun, eta azterketa demografikoen arabera, 20 urteren buruan kopuru hori bikoiztu egingo da.
Danbor festari dagokionez, haur eta helduen danborradak asteartean aurkeztuko dituztela aurreratu dute Izagirrek eta Txapartegik. Hala ere, aurreratu dute 7.000 haur eta 15.000 heldu baino gehiago ariko direla kaleetan danborra jotzen, gau eta egun, 24 orduko jaia etengabean. Haurrez osatutako 63 danborrada eta helduez osatutako 127 danborrada aterako dira kalera. “San Sebastian eguna guztion jaia da, donostiarron egun handia, donostiarrok donostiarrontzat egina, izan haur, gazte, heldu edo adindun, izan gizon edo emakume, eta hirian bizi edo atzerrian bizi”, zehaztu du alkateak.
Argazki lehiaketa
Berritasun gisa, udalak bere gain hartuko du iaz abiatutako argazki lehiaketa. Donostia Gaur webguneak antolatu zuen 2014an, eta aurten udalak emango dio jarraipena lehiaketari. Helburua festa girotzea eta donostiarrek sare sozialen bidez danborraden inguruko argazkiak elkarbanatzea izango da. Argazkiek saria izango dute, sari berezia; izan ere, hurrengo urteko San Sebastian eguneko festako ekitaldi nagusiak udal balkoietatik ikusteko aukera izango dute irabazleek. Nabarmentzekoa da aurten 1.810 donostiarrek eman dutela izena Konstituzio plazako eta udaletxeko balkoietatik danborrada ikusteko. Horrenbestez, saria ez da makala izango.
Udalak argazkiak jaso, publikatu eta saritu egingo ditu. Guztira lau sari izango dira: argazki onenari, parekidetasuna islatzen duen argazki onenari, danborrada talde bat ageri den argazki onenari, eta munduko danborraden argazki onenari. Entseguetako argazkiak ere sartuko dira lehiaketan, eta argazkiak gaurtik urtarrilaren 21eko gaua arte bidali ahal izango dira.
Hiru modutara parte hartu ahal izango dute herritarrek: Twitterren
#niredanborrada traola erabiliz argazkia publikatzea; Facebooken, Donostia Gaur webgunean
atsegin dut sakatu eta kontu horren denbora lerroan publikatzea, argazkiari
Nire danborrada titulua jarrita; eta Donostia Gaur webgunearen posta elektronikora mezu bat bidalita, argazkia erantsi eta
Nire danborrada izenburua jarri eta gero.
Dominak eta Urrezko Danborra
Hiritar Merezimenduaren Dominak San Sebastian egunaren bezperan banatuko dituzte, hilaren 19an, 19:00etatik aurrera, udalbatzarren aretoan. Juan Jose Ocon musikari eta orkestra zuzendaria, Txoko-Txiki, Goienetxe Fundazioa, Kantu Jira eta Maria Jesus Bragado irakaslearentzat izango dira dominak. “Sektore eta sentsibilitate desberdinak” sarituak izango direla esan du alkateak.
Urrezko Danborra emateko ekitaldia, berriz, San Sebastian egunean bertan izango da, udalbatzarren aretoan ere, 12:30ean. Pedro Subijana sukaldariak jasoko du. Izagirreren hitzetan, hiria gastronomiaren mundu mapan badago, halako sukaldariei esker da: “Pedro Subijana bezalako sukaldariei zor diegu, euren bizitza euskal sukaldaritzari eskaini, eta gure hiria mugez harago ezaguna egitea”.