Bertso Egunerako sarrerak salgai daude jada
Bertsozaleen urteroko egun handia urtarrilaren 31n izango da; Kursaaleko ikuskizun nagusirako eta ondorengo afarirako txartelak eros daitezke dagoeneko.
Iristear da aurten ere Bertso Eguna, bertsozaleen urteroko egun handia. Donostian izango da urtero legez Bertso Eguna, urtarrilaren 31n; hala, Kursaaleko ikuskizun nagusirako zein ondorengo afarirako sarrerak salgai jarri dituzte jada, Bertsosarrerak.eus atarian.
Kursaaleko ikuskizuna 18:00etan izango da, eta Manteo kiroldegiko afaria, berriz, 21:00etan. Edonork nahi adina sarrera erreserbatzeko aukera dauka, eta sarrerak soberan geratu ezkero, egun berean ere salgai jarriko dituzte, Kursaalen, 16:30ean.
Bertsozale Elkarteko bazkideek bakarrik egin ahal izango dute sarreren erreserba asteazkenera arte. Epe honetan, bazkide bakoitzak bereaz gain, bazkide ez den beste batentzat sarrera bat gehiago eta 16 urtetik beherakoentzat beste sarrera bat hartu ahal izango du gehienez. Edonork izango du sarrerak erosteko aukera, urtarrilak 15 ostegunetik aurrera, txartelak bukatu bitartean.
Bertsozale Elkarteko kideek 13 eurotan izango dituzte ikuskizunerako sarrerak, gazteek 8 eurotan, eta gainontzeko guztiek 18 eurotan. Ikuskizunerako eta afarirako sarrerak, berriz, 33, 30 eta 40 eurotan egongo dira eskuragai.

Bertsozalez bete zen iaz Parte Zaharra, Bertso Egunaren poteoan. (Argazkia: E. Zabala)