Ordenantza berriak hiriko auzo guztietan zabalduko ditu laguntzak.
Donostiako Udal Gobernuak iaz onartutako birgaikuntzarako diru laguntzen ordenantza berriaren emaitzak aurkeztu ditu. Ordenantza berriarekin, hiriko auzo guztietara bideratuko dituzte diru laguntzak, eta eraikuntzaren sektoreari bultzada emango diote.
Behin betiko ebatzitako espedienteak eta behin behingoz ebatzitakoak kontuan hartutan, 1.138.567,05 euroko diru laguntza kopurua kalkulatu du udalak, BEZ-a gabe. Diru horrek 7.891.930,31 euroko jarduera eragingo luke Etxebizitzako eta Hirigintzako zinegotzi Ricardo Burutaranen arabera: “Zenbatekoek erakusten dute eraikuntzaren sektorea berpizteko ordenantza berriak emaitza positiboak ekarriko dituela; are gehiago, helburuak soberan betetzen ari gara, eta horrek ekonomia suspertzen du”. Burutaranek diru laguntzek eragindako inbertsioa nabarmendu du: “Udalak emandako euro bakoitzak 6,93 euroko inbertsioa bultzatzen du”.
Diru laguntza kopuru handienak fatxadak isolatzeko eta estalkietarako bideratuko dituzte (607.798 euroko diru laguntzak, 4.379.164 euroko inbertsioa eraginez). Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak 50 urte baino gehiagoko eraikiniei eskatutako obretara ere eskaini dute zati bat (248.962 euro, 1.788.912 euroko jarduera eraginez). Irisgarritasunarekin lotutako konponkentei, hala nola igogailuak eta arrapalak egiteari beste zati bat eskaini diote (175.703 euro, 1.104.549 euroko inbertsioa eraginez). Azkenik, berogailu, hozte sistema eta elektrizitatean 30.461 euro konprometitu dira, gastu osoa 157.778 izan delarik, eta eraikinen segurtasun eta osasungarritasun obretarako 22.248 euro bideratu dituzte, 11.243 euro gasturako erabiliz.
Auzoetara iritsiz
Burutaranen arabera, iaz onartutako ordeanantza berria 1998an, 2001ean eta 2002an onartutakoak baina harago doa, laguntzeko beste helburu batzuk dituztelako: “Lehen aldiz, udalerri osora zabaldu dira laguntzak. Horrela, etxebizitzak irisgarritasun hobearekin izango dira”. Dagoeneko 2014ko laguntzak agortuko direla iragarri du zinegotziak: “Horregatik, aurtengo aurrekontuak onartu arte itxaron beharko dugu, aurrera jarraitzeko”.
Erdigunea eta Parte Zaharra dira laguntzen portzentaia handiena jasotzen duten auzoak, % 22,57, alegia. Ondoren Grosek jasotzen du gehien, %17, 40. Egiak % 15, 90 jasotzen du, Amara-Berrik %9,40, Antiguak &7,81, Miracruz-Bidebietak % 7,19 eta Martutenek %7,03. Gainontzeko auzetara ere bideratu dute aurrekontuaren zati bat: “Auzoetara lehen aldiz bideratu da dirua, eta gune batzuetan oraindik ez dituzte eskaerak egin, baina egingo dituzte”.