Fiare Banku Etikoan kontu korrontea ireki du udalak
Lankidetza, Berdintasun, Partaidetza, Ingurumen eta Aniztasun gaietako dirulaguntzak kontu korronte horretatik bideratuko dituzte.
Udalak kontu korrontea ireki du Fiare Banku Etikoartekin, 2012ko urrian sinatutako elkarlan hitzarmenarekin beteta. Kontu horretan sartutako dirua Lankidetza, Berdintasun, Ingurumen eta Aniztasun gaiak finantzatzeko erabiliko dute; horrekin batera, udalak edoezein banku etikoko bezero eta bazkide izatea sustatuko du, oinarrietan puntuekin sarituz.
Dagoeneko, Zorroaga Fundazioak bi gordailu ditu Fiare eta Triodos Banku Etikoarekin, bakoitza 100.000 eurorekin. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek ez du zehaztu zenbat diru bideratuko dute kontu korronte berrira, baina bai zertarako erabiliko duten: “Banku etikoen aldeko apustu garbia egin nahi dugu, diruaren erabilera etikoa bermatzen duelako, hau da, badakigulako diru hori ez dela erabiliko armak sortu edo etxebizitzekin espekulatzeko, adibidez. Banku etikoek ekonomia erreal baten alde egiten dute, dirua ez da erabiltzen ekonomia espekulatibo baten mesedetan, baizik eta ekonomia sozialetan inbertitu eta gizarteari onura egiten dioten proiektuak sustatzeko. Denon bizi kalitatea hobetzen dute”.
Fiareko Garapen zuzendari Juan Gabiriren esanetan, eredugarria da udalaren aurrerapausoa: “Ahoz ahokoa da gure zabaltzeko modu bakarra, eta horregatik, Administrazio Publikoek ekimen honekin jarrera aktiboa izatea oso onuragarria da guretzat, azken finean, jendea haiei begira dagoelako. Gure helburua ez da irabaziak pilatzea, gizarteak ikusi ditzakeen onurak bideratzea baizik”.