Erabakitzeko eskubidearen aldeko Lipdub bat egingo dute larunbatean Antiguan
Antiguako San Sebastian jaien barruan, larunbatean, 12:30ean, kalejira batek auzoa zeharkatuko du punta batetik bestera eta bideoz grabatuko dute jarduera osoa -lurretik, itsasotik eta airetik, hain zuzen ere–. Haizearen Orrazian abiatu zuten jarduera joan den astean eta, larunbatean, 12:30ean, Matia kalean helduko diote, Sert plazaraino. Bertan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute. Lipdub honetan auzoko elkarte, eskola, kirolari, gaztetxe, txaranga, dantzari, patinatzaile, kalderero, danborrada eta abesbatzek parte hartuko dute.
Bestalde, Gure Esku Dago mugimenduak Konstituzio plazan egingo duen ekitaldi batean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Hain zuzen ere, San Sebastian martxa joko dute igandean, erabakitzeko eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko. Danborradako jantziekin joateko eskatu dute, ekitaldiari aniztasuna eta kolorea emateko. Familia argazki bat ere egin nahi dute egunean bertan. Ekitaldia 11:30ean hasiko da.