Hiritar Galdeketen Araudia onartuko dute urtarrileko udalbatzarran
16 urtetik gorakoek botoa eman ahal izango dute eta galdeketak hiri mailakoak edo auzune nahiz auzoetakoak izan ahalko dira.
Gaur bozkatu dituzte Donostiako Udaleko lau alderdiek, Pertsonen Zerbitzurako Batzordean, Udal Gobernuak azaroaren 7an onartutako Hiritar Galdeketen Araudiari alderdiek egindako emendakinak. Batzordean hartutako erabakien artean araudiaren puntu garrantzitsuenak zehaztu dituzte; hala, 16 urtetik gorakoek botoa eman ahal izango dute, galdeketak hiri mailakoak edo auzune nahiz auzoetakoak izango dira, herritarren ekimenez sustatutako galdeketak ez dira udalbatzarretik pasa beharko, eta galdeketa deitzeko hiritar ekimenek 16 urtetik gorakoen % 5en babesarekin nahikoa izango dute.
Urtarrileko udalbatzan emango diote erregelamendu berriari hasierako onarpena. Ondoren, herritarrek aukera izango dute alegazioak egiteko. Alegazio horiek onartzen badira, martxoko edo apirileko udalbatzarrak behin-betiko onarpena emango dio erregelamenduari. Axier Jaka Herri Partaidetza zinegotziak iragarri du bitarte horretan hiritarrez osatutako kontraste taldearekin elkartuko direla, balorazioa ezagutzeko. Hiritarrek osatzen duten kontraste taldeko Izaskun Egiaren esanetan, kontsultaren balioetako bat araudia sortzeko prozesuan herritarrek ere parte hartu izana da.
Jakak araudiaren inguruan lehen balorazioa egin du: “Herritarrekin batera diseinatutako araudiaren ezaugarri garrantzitsuenak onartuak izan dira. Donostia aitzindaria izango da, eta horrelako kontsulta araudi bat izango duen Euskal Herriko lehen administrazioa izango garelako. Erregelamendu berria herritarrentzako tresna baliotsua izango da hiria eraikitzeko. Era berean, azpimarratu eta gogorarazi nahi dut erregelamendu hau herritar talde batekin batera eraikia izan dela, behetik gora, eta lortutako emaitzak politika beste modu batera egin daitekeela erakusten digula”.