Hiru opera Usandizagaren omenez
Eresbilen webgunean ikusi daiteke.
Jose Maria Usandizaga zendu zela ehun urte beteko dira aurten, eta urte guztian zehar kontzertu, lehiaketa eta ekitaldi ugari antolatu dituzte musikari donostiarra gogora ekartzeko.
Jose Maria Usandizaga musikari donostiarra (Donostia, 1887-1915) hil zela ehun urte beteko dira aurten, eta hiriko administrazio eta musika erakundeek omenaldia egingo diote urtebeteko programa musikariarekin. Gaur programaren aurkezpena egin dute, eta bertan izan dira Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Hedapenerako zuzendari Clara Montero eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarreta. Haiekin batera, programa osatuko duten erakundeetako ordezkariak izan dira, hala nola Eresbileko zuzendari Jon Bagües, Musika Hamabostaldiko ordezkari Jose Antonio Echenique, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari Oriol Roch, Donostiako Orfeoiko zuzendari Jose Antonio Sainz Alfaro eta Musika Eskolaren zuzendari Mikel Mate, besteak beste. Horrez gain, Usandizagaren senideak ere bertan izan dira.
Hala, urte guztian zehar Usandizagaren musika berpiztuko dute Donostian. Musikariaren obra ezagunak eta ez horren ezagunak interpretatuko dira, eta horietako asko lehen aldiz entzungo dira hirian. Eskainiko diren obren artean Usandizagaren hiru opera nabarmendu ditu Bagüesek: “Usandizagak konposatutako Mendi-Mendiyan opera eskainiko dugu, euskaraz idatzitako lehen opera, alegia. Horrekin batera, La Llama eta Las Golondrinas operak eskainiko dira”. Hiru operekin Usandizagaren izaera alai, dibertigarri eta bihurria berpiztea espero du Eresbileko zuzendariak: “Lehenak argi uzten du musika herrikoiaren inguruko lanketa, Usandizaga aitzindari izan baitzen horretan ere; bigarrenak kutsu exotikoa ekarriko digu, eta hirugarrenak berriz, musika zintzoena”.
Operekin batera, lau ahotestarako idatzitako Meza eta hainbat obra eskainiko dira datozen hilabeteetan, orkestra, banda, abesbatza eta laukoteentzat idatzitakoak. Gainera, Usandizagaren senideek berreskuratutako partiturak webgunean eskegiko dituzte, denen eskura, eta urtean zehar eskainiko dituzten kontzertu eta ekitaldi guztiak grabatuko dituzte, musikariaren obraren artxiboa sortzeko helburuarekin: “Usandizaga ezaguna den arren, askok ez dugu bere musikaren zati handi bat ezagutu; omenaldi honekin, bere obra ezagutzera ematearekin batera, memoria bat sortu nahi dugu, konpositorea XXI. mendera ekarriz”.
Ezagun baten lan ezezagunak argitara
Musikariaren senideek hunkituta eta eskertuta hartu dute omenaldia. Guztien ordezkari moduan mintzatu da Jose Antonio Usandizaga konpositorearen zortzi hilobetako bat, eta osabaren musika berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du: “Osaba oso gazte hil zen, 28 urterekin, eta ilobetako inork ez genuen ezagutu. Baina bere izpiritua gure artean izan da beti, gurasoek izan zanaz eta egin zuenaz hitz egin digutelako bizitza guztia. Duela 28 urte bere jaiotzaren urteurrenaren ospakizunak bizi genituen, eta oraingoan heriotzarenak biziko ditugu”. Eskainiko diren obra asko aurretik interpretatu gabeak dira Usandizagaren esanetan: “Omenaldi honekin osabaren musikak denboran iraungo duen itxaropena sortzen digu Uxandiei, eta ziur nago gehiengoari eskainiko den musika ezezaguna gertatuko zaiola”.
Alkatearen esanetan, Usandizaga urtea aurten ospatzean Donostia 2016 urtera begira jarriko da hiria: “Euskal operaren aita izan zen Usandizaga, eta programa honekin omenaldi zabala egingo diogu musikari donostiarrari; horrekin batera, musikaz betetako urte oparoa izango dugu, 2016 urteari ongi etorria egiteko aproposa”.
Lehen kontzertuak aurreko astean eskaini ziren, ez bakarrik Donostian, baita Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan ere. Hurrengo kontzertua otsailak 5 eta 6 egunetan eskainiko dute Bilbo, bertako orkestra sinfonikoaren denboraldiari hasiera emanez. Ondoren EOSek hiriburu guztietan eskainiko du La Llama opera kontzertu bertsioan, Ainhoa Arteta, Mikeldi Atxalandabaso, Damian Castillo, Miren Urbieta eta Elena Barbe abeslariekin, besteak beste. Urteko egitarau osoa