Altzako kiroldegi berria eraikitzea izango da udalaren lehentasunetako bat aurten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Datorren urtean 4.900.000 euro inbertitu nahi ditu udalak kiroldegi berrian, eta 2017an 5.000.000 euro.
Josu Ruiz zinegotziak Kirol, Turismo eta Garapen Ekonomiko sailetako aurrekontu proiektuak aurkeztu ditu gaur, eta Donostia Kirolaren helburu nagusia Altzako kiroldegi berria eraikitzea dela adierazi du. Horrela, Kirol sailerako aurte 13.015.072,38 euro bideratu nahi dituzte, iazko aurrekontua gaindituz (12.902.850,72 euro).
Altzako kiroldegia berreraikitzeko apustua sendoa da Ruizen esanetan, eta datozen hiru urtetarako partidak aurkeztu ditu: aurten 100.000 eurokoa izango da, 2016an 4.900.000 eurokoa eta 2017an 5.000.000 eurokoa. Bestalde, kiroldegia eraikitzeko lanak 2016an hasiko direla zehaztu du.
Hain zuzen ere, jada lehiaketako talde irabazleari esleitu zaio oinarrizko proiektuaren idazkera, eta Nafarroako ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (Chocarro, Herranz Tabuenca eta Leachek osatuta) izango da kiroldegia eraikitzeko arduraduna. Aurkezpena datorren asteartean egingo dute.
Horrez gain, Udal Gobernuak kiroldegietan kalitatezko zerbitzua ematen jarraitu nahi du zinegotziaren esanetan, eta horretarako, partida % 13,57 handitzeko asmoa azaldu du; 722.000 eurokoa izatetik 820.000 eurora pasako da. Klubentzako eta kirol elkarteentzako diru-laguntzei eutsi egingo diete, eta 740.000 eurokoak izango dira.
Bestalde, Pilotari bultzada emateko konpromisoa adierazi du Ruizek, eta Donostia pilotaren hiri bilakatzeko lan egingo dute aurten. Kirol hau gazteenen artean sustatzeko lana egiten ari dira. Horrela, Pilotaren Plan Estrategikoa aurkeztu du zinegotziak; 80.000 euroko aurrekontua izango du. Gainera, Aldundiak 52.759 euroko ekarpena egingo du Atano III. frontoiko aurrealdea hobetzeko. 2016an ekarpena 63.000 euro ingurukoa izango da.
Kirol Txartelaren emaitzak goraipatu ditu Ruizek, izan ere, 2014 bukaeran abonatutako pertsona kopurua gainditu da, markak hautsiz; 48.874 izan dira guztira. Ondorioz, Kirol Ekintzen bidez aurreikusitako diru-sarrerak 7.708.424 eurokoak izango dira, prezioak izoztu egingo direlako. Hala, autofinantzazio maila pixka bat arindu eta %59,23koa izango dela azaldu du.
Azkenik, Anoetako estadioko obren inguran mintzatu da Ruiz. Obretarako eta ustiapenerako lehiaketa berriari esker, Donostia Kirolak gastuak izateari utziko diola eta diru-sarrerak besterik ez dituela izango adierazi du, eta bere esanetan, guztira urtean 240.000 euroko diru sarrerak lortuko dituzte, Anoeta inguruko kirol instalazioen hobekuntzan inbertituko direnak.
Enplegua ardatz
Ruizek enplegua sortzea ere helburu dutela adierazi du, eta horretarako, Sustapena Sozietateari egiten dion ekarpena % 17,65 handituko du udalak. Hala, aurten 4.611.000 euro bideratuko dituzte Sustapenera (iaz 3.919.000 eurokoa izan zen). Horrela, Sustapenaren aurrekontu osoa 11.156.000 eurokoa izango da. Europako Gizarte Funtsaren programa zehazteke dago, 2014-2020 aldirako deialdia ateratzen duten arte.
Aurrekontuari dagokionez, Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planak (DESP) 6.348.000 euroko partida izango du, iaz baino % 2,39 gehiago. Gainera, gizarte arloko programekin lotuta dauden enpresen bitartez, gizarte berrikuntzan 200.000 euro inbertituko dituzte.
Horrez gain, 2016ko Kultur Hiriburutzarako 50.000 euroko partida eskainiko du uddaleko Ekonomia sailak, 2016ko edukiei buruzko ezagutza hobetzeko online ikastaroetara eta turismo-harrera hobetzera zuzenduta.
Donostiako Udaleko Sustapenak energia hobekuntzak ere bilatuko ditu. Horretarako, ikuskaritzak egiten eta lokalen birgaitzea sustatzen jarraituko du 50.000 euroko aurrekontuarekin.
Turismoan ere, lanpostu berriak
2014an turismoan arrakasta handia izan duela gogora ekarri du Ruizek, eta aurten kongresuekin lotutako turismoa sustatzea eta helmugaren kalitatea handitzea izango dira sail honen helburuak, 2016 urtean begiak jarrita.
Horretarako, hainbat lan postu sortuko dituzte; kongresuak erakartzeko ardura duen Convention Bureauk langile bat gehiago izango du. Aisialdiko turismoan ere beste pertsona bat izango da, 2016arekin erlazionatutako lanak egin eta merkataritza eta turismoaren arteko lana indartzeko. Bestalde, Turismo bulegoak bere zerbitzua indartuko du; maiatzetik urrira arte, 09:00etatik 20:00ak arte etengabekoa izango da (orain arte, ekainetik irailera indartu dute). Ildo berean, azken urteetan Kontxan ireki den errefortzu bulegoa uztaila eta abuztu osoan irekita egongo da (orain arte, sanferminetan ireki eta Aste Nagusiaren ondoren ixten zuten).
Turismora bideratutako aurrekontu orokorra % 5,65 handituko dutela adierazi du Ruizek, eta aurten 2.616.519,00 euro eskainiko dizkiote. Marketinerako partida nabarmen indartuko dute, % 14,77 guztira; horrela, aurten 304.136,58 euro eskainiko diote.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena 210.000 eurokoa izango da zinegotziaren esanetan. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren baitan dagoen Basquetourrek oraindik iazko diru-laguntzarekin zer egingo duen ez omen du argitu Ruizen arabera, eta ulertezina dela adierazi du: “Ez da sekula gertatu eta ez dauka ez ankarik, ez bururik, 2015ean sartuta 2014koarekin zer gertatuko den ez jakiteak”.