Bageraren esku utzi dute udalak eta aldundiak Hernani kaleko bulegoa
Bulego berriak 137 metro koadro izango ditu eta hamar urtez erabiltzeko aukera izango du elkarteak.
Hirian euskarari beste bultzada bat emateko asmoz, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bat egin dute. Izan ere, aldundiak Erdialdeko Hernani kaleko 15. zenbakian duen bulegoa udalari utzi dio, honek euskararen normalizazioaren zerbitzura jar dezan. Bada, lagapenaren bidez eta Bagera elkartearekin sinatutako hitzarmenari esker, udalak hamar urtez utziko dio 137 metro koadroko bulego berria. Hernani kalean bertan utzi diote gaur elkarteari bulegoa, eta denon artean topa egin dute.
Bageraren eskaria aspalditik datorrela adierazi du aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak. “Beste baliabide batzuk behar zituela esan ziguten, eta Donostian ere euskarak indar handiagoa izateko helburuarekin egin dugu”. Juan Karlos Izagirre alkateak Donostia euskararen hiria dela gogorarazi du eta euren betebeharra Donostia geroz eta euskaldunagoa izatea dela nabarmendu du. “Lokal hau utzita Bagerari egiten duen lana eskertu nahi diogu, hiria euskalduntzeko egiten duen lanagatik”.
Donostiarrengandik gertuago
Elkarteko presidente Dani Goñik euren lana eta ekarpenaren balorazio baikorra egin izana eskertu die udala eta aldundiari. Orain arteko egoitzan, Puioko Katalina Eleizegi kalean, donostiarrengandik aparte egon direla esan du eta Bagerako kideek hori “sufritu” izan dutela. Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak hainbat jarduera jartzen ditu martxan urtero. “Adibidez, mintzalagunaren egitasmoa burutzen dugunean kideak elkartzeko zailtasun handiak izan ditugu Puioko egoitzan. Beraz, horiengana errazago iristea ahalbidetuko digu eta zerbitzu horiek askoz erosoago egitea”, azaldu du Bagerako Aitziber Gurutzeagak. Bada, Donostiako euskalgintzari zuzendutako erreferentziazko leku bilakatuko dela uste du. Bagerak martxoaren hasieran inaugurazio ekitaldia egitea aurreikusten du.
1991 urtetik lanean
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea 1991ko abenduaren 14ean sortu zen. Donostiako euskaltzaleen ahaleginak bildu eta euskararen normalizaziorako ekimenak bideratzen aritzen da. Euskaraz bizi eta euskarari bizia ematea da eragile honen helburua, eta horretarako elkarlana eta zabaltasuna ditu ardatz.