Oposizioak Nestor Basterretxearen familiaren eskaerari muzin egin diola kritikatu du alkateak
Bakearen Usoa Saguesen egokitzeko proiektua aurkeztu zuten atzo arkitektoek eta udal gobernuko ordezkariek. Nestor Basterretxeak egindako eskultura da, eta, atzoko agerraldian jakinarazitakoaren arabera, artistaren familiaren nahia beteko lukete Saguesera eramanez gero.
Oposizioko alderdi guztiak, baina, kokapen horren aurka agertu dira. Basterretxeatarrek gutun baten bitartez gaiak liskarrik ez sortzeko deia egin badu ere, ika-mikak ez du etenik. Juan Karlos Izagirre alkateak oposizioaren jarrerari buruz hitz egin du gaur: “Gobernu honek zerbait egin badu, oposizioarekin akordioa lortzen saiatzea izan da. Urriaz geroztik, zenbait aldiz bildu gara. Bost alternatiba poosible aztertu ditugu horregatik, eta aukeratutakoak erantzuten du bozeramaileen batzordean aipatutakoari; eskultura egokitzeko ez ezik, lanak ere ingurua berritzeko baliatzea. Gure borondatea garbi geratu da, baina oposizioak, Basterretxearen familiak liskarrik ez sortzeko eskaeraren aurka, polemikarako erabili du gaia, hiriaren onerako zer izan daitekeen kontutan hartu gabe”. Alkateak esan du ez duela ulertzen oposizioaren jarrera: “Oposizioak ezin du blokeatu gobernu batek modu baikorrean hartutako erabaki bat”, erantsi du.