Euskararen Kontseilu Sektorialaren Araudiari alegazioa jarriko dio Euskarak Batzen taldeak
2014ko azken udalbatzarrean, Euskararen Kontseilu Sektorialaren Araudiari hasierako onarpena eman zion oposizioak, udal gobernuaren kontrako botoarekin. Abenduan adostutakoaren arabera, euskara jakitea ez litzateke beharrezkoa izango Euskararen Aholku Batzordean egoteko.
Araudiari alegazioak aurkezteko epea otsailaren 12a arte egongo da zabalik, eta Euskarak Batzen taldeak araudiari helegitea jarriko dio, araudiak honako baldintza hau izan dezan: «Talde bakoitzak bermatu egin beharko du bere ordezkariak bi hizkuntza ofizialetan gaitasuna izango duela».
Euskarak Batzen taldeak eragile zein norbanakoei deia egin die alegazioak ere aurkez ditzaten. Horretarako, udaleko webgunearen bidez edo udaleko edozein erregistroan sartu beharko dute eskaera, beti ere otsailaren 12a baino lehen.