Gaurko udalbatzarra (Argazkia: Ane Urrutikoetxea).
Hiritar Kontsulten Araudiaren hasierako onarpena eman diote, aho batez, urtarrileko udalbatzarrean; 16 urtetik gorako biztanleen %5ak sustatu ahalko du deialdi bat, sinaduren bitartez.
Donostiako udal talde guztiek bat egin dute gaurko udalbatzarrean, Hiritar Kontsulten Araudiari hasierako onarpena emateko orduan. Hain zuzen ere, erakundeak ez ezik, herritarrek ere eskatu ahalko dituzte herri kontsultak. Horretarako, 16 urtetik gorako biztanleen %5ak babestu beharko du deialdia, sinaduren bitartez.
Kontsultak legez ez dira lotesleak izango, baina Partaidetza zinegotzi Axier Jakak aurreratu du Bilduk emaitzak errespetatuko dituela. Udal gobernuko ordezkariak nabarmendu du “politikoki lotesleak” izango direla, “erabaki ahalmena demokratizatzeko” eta hiria “behetik gora” eraikitzeko bidean. “Araudi hau guztiz bateragarria da gure parte hartze ereduarekin”, adierazi du, eta kontsultak normaltasunez egiteko konpromisoa hartu du: “Gure asmoa da, etorkizunean, erabakiak donostiarrekin batera hartzea, modu iraunkorrean eta normaltasun osoz”.
Bilduk eta PSE-EEk EAJk aurkeztutako zuzenketaren kontra bozkatu dute. Jeltzaleek, herritarren sinadurak behin bilduta, herri kontsulta antolatu edo ez erabakitzea Udalbatzaren esku geratzea proposatu dute. Emendakina onartu ez dutenez, alkateak emango die argi berdea deialdiei, beti ere araudiak aurreikusitako baldintzak betez gero.
PSE-EE eta Bilduren artean adostasuna egon da puntu horretan, baina desadostasunak ere egon dira bi alderdi horien artean. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok aurreratu du, herri kontsulta bat “politikoki” loteslea izango den edo ez erabakitzeko, lehenik partaidetza eta emaitzak aztertu beharko liratekeela, Jakak egindako baieztapenari erantzunez. Honen harira, deigarriagoa izan da PPren erantzuna. Udal talde honetako zinegotzi Vicente Garciaren arabera, “herriak erabakitzen duenari inork ez dio ezetzik esango, kontsultak lotesleak ez izan arren”.