Bizikletaren aldeko kanpaina baterako donostiarrak behar ditu udalak
Herritarrek autoa uztea dute helburu arduradunek, eta hiriko eskoletara gutunak bidali dituzte jada.
Mugikortasun aktiboa sustatzea helburu duen kanpaina abian jarri du udalak, Switch proiektuaren baitan. Europar Batasuneko Intellegent Energy agentziaren egitasmo bat da, eta energia eraginkortasuna sustatzea ere bilatzen du. Hala, herritarrak autoan beharrean, oinez edo bizikletaz ibiltzea du helburu. Kanpainaren aurreneko fasean, hiriko hamabi eskoletara gutunak bidaltzen hasi dira jada, irakasleak eta gurasoak proiektuan parte hartzera gonbidatuz. Ondoren, lantokia edo bizilekua aldatu duten herritarrengana joko dute. Guztira, proiektura 1.600 donostiar erakartzea espero dute.
Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, beren bizimoduan aldaketaren bat izaten ari diren herritarrengana jotzeko asmoa dute: “Egoera berri batean daudenez, mugitzeko ohitura batzuk aldatzea errazagoa da, eta aldaketa horrek onurak ekarriko dizkie, aldi berean, hiriari eta herritarre. Trafikoa murriztuz, bizi kalitatea hobetuko duelako”.
Donostia aukeratua izan da proiektu hau garatzeko beste hamahiru hirirekin batera; hala, Austria, Alemania, Belgika, Errumania, Polonia, Errasuma Batua eta Esloveniako hiriak daude tartean. Switch proiektuaren aurrekontua 104.000 eurokoa da eta bi urtez burutuko da. Albizuk nabarmendu egin du bizikleta sustatzeko proiektu aintzidarietan parte hartzearen garrantzia: “Programa honi esker bizikletaren alde egiteko orduan baliabide gehiago izango ditugu, gainera, aukera izango dugu beste hiriekin elkarlana sustatzeko”.