Denboralea dela eta protokolo guztia abian jarri du udalak
Haize gogorrak hainbat eduontzi mugitu ditu gauean eta zortzi zuhaitz bota ditu.
Negua dela nabaria da hirian eta denboralea bertan da. Metereologia iragarpenen ondorioz, udalak ohiko protokoloa abian jarri du eta adi dago gerta litekeen edozein gertakariri aurre egiteko. Haizea dela eta, bart gauean zenbait kalte egon dira. Izan ere, 26 edukiontzi mugitu dira euren lekuetatik, eta zortzi zuhaitz erori dira: Zaragueta, La Fe, Zarategi, Mons, Buztintxulo, Azerileku, Etume eta Learritzan. Horretaz gain, 22 elementu erori dira udalaren arabera, tartean, bi aldamio. Suhiltzaileak arduratu dira aldamio horiek erretiratzeaz, udal zerbitzuak gau osoan aritu baitira lanean.
Udalako Babes Zibileko Krisi Mahaiak aktibatuta jarraituko duela jakinarazi dute, hirian eragina duten denboraleen inguruko azterketa eginez.
Abisu horia
Udalak emandako informazioaren arabera, gune irekietan 100 km/h-ko abiadurara irits daiteke haizea, beraz, abisu horia mantenduko dute, eta Urgull itxita egongo da. Bestetik, auto zirkulazioari itxiak egongo dira Salamanca pasealekua eta Pasealeku Berria; eta oinezkoentzat, berriz, Haizearen Orrazia eta Leizaola Pasealekua.
Euriari jarraipen berezia egiten ari zaio udala, baita Urumearen mailari eta Añarberen egoerari ere. Aurreikuspenen arabera, metro koadroko 80 litro pilatu daitezke gaur gauera bitartean.